Xabier Berasategik podiumera igota egin du debuta Mallorcan
Mallorcako Challengeko bosgarren eta azken proban, Palmako sarian, Mendiko saria irabazi du.
Txirrindulari ibilbide mugarri seinalatuetako bat ipini du Xabier Berasategik: debutaren egunekoa. Mallorcako Challengean hasi du profesionaletako bidea olaberritarrak, Euskaltel-Euskadirekin.
Challengeko parte den Andratxeko Sarian izan zuen lehenbiziko karrera, ostiralean (urtarrilak 27). Denbora-mugaz kanpo iritsi zen helmugara; nahiz eta Andratx eta Pollençako Mirador D’es Colomer arteko 160,9 kilometroko etapa bukatu zuen, lasterketaren erritmo biziak eta ihesaldikoen joak tropelaren gehiengoa kontrolez kanpo utzi zuen, 19:40 minututik atzera. Han zen Berasategi. Beste asko erretiratu egin ziren, tartean Alex Aranburu (Movistar), denboraldiko estreinakoan hura ere.
Igandean, Mallorcako Challengeko bosgarren eta azken proban, podiuma zapaltzea lortu zuen Berasategik, Palmako Sarian (141,6 km). Mendiko saria irabazi zuen. Etapan 105. postuan helmugaratu zen, Ethan Vernon (Soudal) irabazleagandik 1.08 minutura.
Eguneko ihesaldian sartu zen Xabier Berasategi, beste hiru txirrindularirekin batera. Kom portutik (4. mailakoa) lehenengo igaro zen, eta horrengatik Mendiko Saria lortu zuenez, bukaerako podiumera igo zen.