Nazio Batuek ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datoz aurten ere Legazpiko Udaleko aurrekontuak
Helburu horien ikuspegitik azaldu ditu diru aurreikuspenak Koldobike Olabide Alkateak. Pobreziaren desagerpenaren helburuari eskaini diote diru kantitate handiena.
Legazpiko Udalaren 2023ko aurrekontuak berriz bat datoz Nazio Batuen erakundeak 2015ean ezarri zituen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin, eta Euskadiko Erkidego mailan hizkuntzari erreferentzia eginez gehitutako 18.arekin. Aurtengo udal aurrekontuak ia 12 milioi eurokoak dira, eta Koldobike Olabide alkateak 18 helburu horien ikuspegitik azaldu zituen atzo. Aldi berean, Legazpiko Udalak helburu horien lorpenerako egingo duen ekarpena zein izango den xehatu zuen.
Olabidek azaldu zuenez, aurrekontuak ez dira bakarrik dimentsio ekonomikotik ulertu behar, baizik eta «diru sarreren eta gastuen zenbakizko kontzeptu hutsetik harago», ekonomia, gizarte eta ingurumen jasangarritasunarekin uztartuta ere bai.
Alde horretatik, Legazpiko Udalak garapen iraunkorrarekin duen konpromisoa gogoratu zuen, eta konpromiso hori udal kudeaketarako ezarritako hiru arloetan eta horien barruan zehaztutako programetan errotuta dagoela baieztatu zuen.
Bost helburu nagusiak
Nazio Batuek ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuek osasunari, pobreziari, goseari, hezkuntzari, berdintasunari, klimari, kontsumoari eta bakeari egiten diete erreferentzia, besteak beste, eta Euskal Herrian baita hizkuntzari ere. Legazpiko udal aurrekontuetan helburu horiek guztiek dute lekua, baina alkateak bost nabarmendu zituen, partida ekonomiko handienekoak. Gastu osoaren %76a suposatzen dute.
Pobrezia desagerrarazteko helburuak biltzen du lehen partidarik handiena, 2.272.498 eurorekin. Etxez etxeko laguntza, Meazti eta Ezkurrenea babespeko etxeak, Eguneko zentroa, gizarte larrialdietako etxebizitza, familia esku hartze eta gizarte larrialdietarako laguntza biltzen ditu, besteak beste.
Bakea, justizia eta instituzio sendoak aldarrikatzen dituen helburuarena da bigarren diru kopururik altuena, eta 2.057.153 euro ditu. Bizikidetza, herritarren segurtasuna, kultura aniztasuna edo gardentasuna jorratzeko erabiliko da diru hori.
Hirugarrenik, hiri eta komunitate jasangarriekin lotutako helburua dago, 1.982.932 eurorekin. Hirigintza, hilerria, bide publikoak, kale garbiketa, hiri garraioa eta udal ondarea kudeatzeko izango da dirua.
Beste 1.572.650 euro kalitatezko hezkuntzaren helburuari lotutako gaietarako izango dira: hezkuntza eta gazteria programak, kultura eta jaiak, Eskola Agenda 2030, Euronet 50-50 proiektua hezkuntza zentroekin, Ikasgela, kultur eta kirol taldeentzako eta gazteentzako udal lokalak, eta UGLE.
Bosgarren lekuan osasunaren eta ongizatearen helburua dago, 1.196.055 eurorekin. Kirol programa, Mugiment kirol txartela, Gizarte Zentroko jarduerak, Iratzarriren jarduera eta Legazpi Lagunkoia sartzen dira atal honetan.
Legazpiko udal aurrekontuak gainerako helburuekin nola lerrokatzen diren jakiteko, www.legazpi.eus begiratu daiteke.