Geoparkeko txoriak ezagutzeko aukera izango da gaurtik Kultur Etxean jarriko duten argazki erakusketaren bidez
Oliver Perez eta Imanol Manterola argazkilariek egindakoak dira, Gipuzkoako kostaldean kokatzen den Geoparkean bizi eta egoten diren hegaztienak.

Hurbil dituzu, behatu baino ez duzu izenburuarekin irekiko dute gaur argazki erakusketa berria Legazpiko Kultur Etxean, aurreko astean Ikatzak antolatutako Argizaiola trofeoa bildumari erreleboa hartuta. Gipuzkoako kostaldean kokatzen den Geoparkean bizi eta egoten diren hegaztiak ezagutzeko aukera izango da oraingoan.
Erakusketa hilaren 17ra arte egongo da irekita, astegunetan, 17:30etik 20:30era, baina ordutegi horretatik kanpo, taldean bisita ere egin ahal izango da, aurrez hitzordua hartuta Kultur Etxeko harreran edo 943 73 72 02 telefono zenbakira deituta.
Oliver Perez eta Imanol Manterolaren irudiak
Erakusketako argazkiak Oliver Perezek eta Imanol Manterolak ateratakoak dira. «Kontzentrazio eta pazientzia handia» duten bi argazkilari dira, eta erakustetan bildutako argazkiak «kalitate eta xehetasun handikoak» dira. Mutrikutik eta Zumaiatik igaro da hegaztien bilduma hori, Legazpira iritsi aurretik.
«Argazkietako hegaztiak ez dira apartekoak, nahiko arruntak baizik. Inguruarekin, haren erritmoekin eta biztanleekin harremanetan jartzeko» gonbita egiten dute. «Etenaldi bat» egiteko proposamena da, «adarren artean ikuskatzeko eta gure zelaiak, basoak eta etxe ondoko parkeak kolorez eta soinuz betetzen dituztenez ohartzeko».