«Legazpik garrantzia handia izan du aitonaren bizitzan eta lanean»
Eduardo Txillida eskultorea jaio zela ehun urte beteko dira 2024ko urtarrilean, eta haren biloba Mikel Txillidak (Donostia, 1982) ospakizunei buruz hitz egin du Legazpira egindako bisitan.

Urte bete lehenago hasi zarete mendeurrena ospatzen.
Hori da, bai, denborarekin hasi gara. Esku artean dugun egitarauak bi urte edo bi urte eta erdi hartuko ditu.
Zein da helburua?
Txillida eskultorearen figura goraipatzea, alde batetik, baina baita bere lanak gizartearentzat zer nolako garrantzia izan duen eta gizartearekiko nolako konpromisoa zeukan erakustea ere. Gainera, aitona orain dela 100 urte jaio zen, eta badago jende asko, gazte asko, Txillida ezagutu ez dutenak, eta bere lana ezagutzeko eta ulertzeko aukera eman nahi diegu.
Nola gauzatuko duzue hori?
Programazioa ez da mugatuko erakusketetara adibidez. Izango dira, besteak beste, hezkuntza alorrarekin lotutako ikerketa programak, eta ekitaldiak ez dira Txillida-Lekura mugatuko, mundu osora zabalduko ditugu.
Legazpira ere iritsiko dira?
Bai, Legazpi ere programazioaren barne egongo da, aitonari eskainitako museo bat dagoelako bertan, Lenbur Fundazioaren Txillida Lantokia, eta bertan gauzatuko diren ekitaldiak zehazteko hizketan ari gara. Izan ere, Legazpik garrantzia handia izan du aitonaren bizitzan eta lanean, eta jarraituko du izaten.
Nola sortu zen proiektu hori?
Niri oso polita eta garrantzizkoa iruditzen zait Lenburrek duen helburua, hau da, industria ondarea gordetzea eta zabaltzea eta erakustea, eta horren barruan aitonari gune bat eskaintzeko aukera sortu zen. Helburu hori oso interesgarria iruditu zitzaigun, parte hartzea erabaki genuen, eta hainbat material utzi genuen museoa sortzeko.
Zer da Txillida Lantokia?
Artean, askotan, prozedurak ez dira protagonistak izaten, baizik eta arte lanak bakarrik. Baina Txillidaren kasuan sekulako garrantzia izan du artelan horien sorrerako prozedurak, hau da, nola egiten zuen eskultura. Baita non egiten zuen ere, eta han zergatik egiten zuen ere garrantzizkoa zen. Legazpi zen leku horietako bat, burdina lantzen zelako, eta gipuzkoarron eta euskaldunon izaeraren isla zelako. Legazpin lan egitean, argi ikusten da gure aitonak zein barneratuta zeukan gure esentzi hori.
Hori guztia nola gauzatzen da museoan, zer dago ikusgai hor?
Argazkiak, berarekin lan egin zuten langileen testigantzak, eskulturak egiteko erabili zituzten makinak, eta paper tailerra, aitonak eskulturak bakarrik ez, grabatuak ere egiten zituelako, serigrafiaren teknika erabilita. Tailerreko makinak oraindik funtzionamenduan daude, eta hori oso garrantzitsua da.
Horrek guztiak zer ekarpen egiten dio Txillidaren mundu handiari?
Lehenik eta behin, esaten digu nola egiten zituen gauzak. Txillida Lantokira joatea ez da bakarrik museo horretara sartzea, Gipuzkoaren barne aldera, Burdinaren Haranera, Legazpira joatea ere bada. Eta nire ustez, horrek zentzua ematen dio aitonaren lanari. Makina handiak ikusten dituzu, ikusgarriak dira eta jabetzen zara zer nolako trebetasuna izan behar zen horiekin lan egiteko. Baina gauzak ez dira eskuarekin bakarrik egiten, baita bihotzarekin ere, esentziarekin. Aitonak beti esaten zuen zuhaitz bat bezalakoa zela, sustraiak hemen, Euskal Herrian zituela, eta besoak munduari irekita. Ba hori da bere sustraia,Txillida Lantokian daude haren benetako sustraiak.
Nolako harremana zuen Legazpirekin?
Niretzat garrantzitsua da pertsona ezagutzea. Aitona oso pertsona berezia zen. Iritsi zen lekuraino iristeko, benetan berezia izan behar da. Egin zuena, halako bidaia egitea, ez da bakarrik egiten, lankideak, lagunak… jende asko behar duzu alboan, laguntzen dizuna edo gutxienez gai egiten zaituena iristeko iristen zaren lekura. Eta horra iristeko, Legazpiko jendea, eta Patrizio Etxeberria bera beharrezkoak izan ziren. Oso harreman ederra izan zuen Legazpirekin, eta benetan beharrezkoa izan zen bere lana egin ahal izateko eta iritsi den lekura iristeko.
Familiak oraindik mantentzen du harremana herriarekin.
Bai, Lenbur Fundazioaren bitartez. Nire aita Luis patronatuko lehendakaria da, eta oso harreman estua daukagu Lenburrekin, eta beharrezkoa gainera. Orain Txillida-Leku berriz zabalduta dugunetik, gainera, Lantokia biziagoa dago. Txillida ekosistema osatzen dugu guztion artean, eta denak gara beharrezkoak eta garrantzizkoak.
Nolako pertsona zen Eduardo Txillida?
Aitona oso pertsona erraza zen. Lehen aipatu dut sustraiena, beti esaten zuen leku batera lotuta zegoela, bere lana leku batera lotuta zegoela. Baina ez zen bakarrik leku fisikoa, hau da, Donostia edo Gipuzkoa, leku hori familia ere bazen. Oso familia handia gara, zortzi seme-alaba izan zituen, gu 29 lehengusu gara, eta lehen, igande guztietan aitona-amonen etxean bazkaltzen genuen, eta gutxienez 15-20 lagun elkartzen ginen. Beti oso tratu erraza eta xumea izan genuen. Artista ikaragarria izan zen, baina pertsona hobea izan zen. Berak beti esaten zuen bide errazena ez dela beti bide hoberena, eta pentsatu behar dela zein den bide hoberena. Horrek erakusten du zer nolako pertsona zen, eta horrek bultzatzen gaitu hobeagoak izatera. Hori oso garrantzitsua da.
Amona ere aipatu duzu.
Bai, Pilar Belzunze, amatxi. Familia Nafarroakoa zuen, Lizarrakoa, eta beti amatxi deitu izan diogu. Pilar andre ikaragarria zen, sekulako indarra zeukan, altuera txikikoa izan arren. Aitona amatxi gabe ez zen ezagutu dugun Txillida izango. Ezin ditugu banatu. Batak egiten zituen eskulturak, eta besteak egiten zuen egin behar zen beste guztia. Izugarrizkoa garrantzia izan du aitonaren bizitzan. Guk orain Txillidaz hitz egiten dugu, eta badirudi bera bakarrik izan zela artista, baina artista horren barruan amatxi ere bazegoen, beti, dena lotzen, dena lortzen eta familia kudeatzen.
Nola hasiko da mendeurrena?
Une hau aprobetxatu behar dugu, eta zabaldu Txillidaren lana eta gizartean izan zuen inpaktua. Erakusketa bat egingo dugu Austrian hemendik hiru hilabetera, eta lankidetza bat dugu martxan Bilboko Arte Ederren museoarekin, handik Lugar de encuentros eskultura ekarriko dugu Txillida-Lekura… Hasten ari gara, eta gauza asko ditu zehazteko, baina aurretik ospakizun polita dugu.
Txillidaren lana ezagutarazteko bisita Legazpin
Joan den asteko ostegunean, urtarrilak 26, bisita berezia izan zen Legazpiko Txillida Lantokian. Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrena aurkeztu berri dute, eta horren inguruan Foru Aldundiaren Turismo Sailak bisita tekniko bat antolatu zuten Txillidaren Gipuzkoako lana ezagurazteko. Turismo alorreko eragileek parte hartu zuten, eta eskultorearen biloba eta Txillida-Lekuko museoaren garapenerako zuzendaria den Mikel Txillidak egin zituen gidari lanak Haizearen Orrazian, Txillida-Lekun, Txillida Lantokian, eta Tolosako, Lizardiren leihoa eskultura ikusten izan ziren. Txillidaren Gipuzkoako lana erakustea zen helburua.