Ampo Ordiziak La Vilaren aurka jokatuko du bihar, 12:00etan
Azken sailkatua da Vilajoyosako taldea, eta denboraldiko lehen garaipenaren bila joango dira. Ordiziarrek zazpigarren garaipena eskuratzeko aukera izango dute.
Ampo Ordiziak azken sailkatuaren etxea bisitatuko du bihar. 12:00etan izango da partida. Ordiziarrek La Vilaren aurka neurtuko dituzte indarrak El pantano errugbi zelaian. Garaipen beharrean daude Federico Galloren mutilak. Urte hasiera, emaitzei dagokionean, ez da ona izaten ari goierritarrentzat. Sailkapenean bederatzigarren postuan daude lau garaipen eta sei porroteko balantzearekin. Zelaian ikusten dena ez da emaitzetan bilakatzen ari. Azken asteburuan, Ampo Ordiziak partida bikaina egin zuen pasa den urteko liga irabazlearen aurka, UE Santboianaren aurka. Azken unera arte garaipena eskuratzeko borrokan aritu ziren, baina, azken momentuan, garaipenak eskuetatik ihes egin zien.
Taldea forma onean dago eta geroz eta joko hobeagoa egiten ari da, baina, garbi dago, garaipenak eskuratu beharrean dagoela Ampo Ordizia, eta asteburu honetakoa aukera paregabea izan daiteke. Bidaia luzea egokitzen zaio Goierriko taldeari, Villajoyosara bidaitu beharko baitute. Etxetik kanpo jokatuko duten hirugarren partida izango da ordiziarrentzat, Sevilla, Bartzelona eta Valentzia, hurrenez hurren.
Esan bezala, aurkaria, La Vila, sailkapenen azken postuan dagoen taldea da. Ez du garaipenik ezagutzen denboraldi honetan eta ziur bihar denboraldiko lehenengoa lortzen saiatuko direla. Denboraldi zaila izaten ari da Valentziarrentzat. Urrutira joan gabe, pasa den astean galdu egin zuten azken aurreko postuan dagoen taldearen aurka, Gernikaren aurka.