Burgostik Itsasora datorren goi tentsioko linea birpotentziatuko du REEk
Barcina eta Itsaso arteko linearen garraio ahalmena %30 handituko du Red Electrica de España enpresak. Hari eroaleen tenperatura 50 gradutik 85era igoko denez, azpiko elementuetatik segurtasun tartea handitzeko dorre batzuk zazpi metro haziko dituzte altueran.
Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak Barcina (Burgos, Espainia) eta Itsaso bitarteko argindar linearen garraio ahalmena 400 kilovoltera igotzeko proiektua argitaratu du. Azkena eraiki dituzten lineen potentzia bera da hori, tentsio oso altukotzat jotzen dena. Eraikuntzarako administrazio baimena eskatu du REE Red Electrica de España enpresak. Barcinako azpiestazio elektrikoan hasi eta Itsasokoan amaitzen da linea hori. Burgosen, Araban eta Gipuzkoan barrena 87,48 kilometroko luzera du. Goierrin, Legazpi, Gabiria eta Ezkio-Itsaso udalerriak ukitzen ditu.
Red Electrica de España enpresaren eskariz egindako exekuzio proiektuaren arabera –2022ko urrian datatuta dago, Madrilen–, gaur egun funtzionamenduan dagoen argindar lineari igoko diote potentzia, trazatua aldatu gabe eta metal-zelosiazko euskarri-dorreak mugitu gabe. Ondorioak izango ditu, ordea, birpotentziazioak harietan eragingo duen tenperatura igoeragatik. Eta euskarriak hazi beharko dituzte zenbait lekutan.
REEk %30eko birpotentziazioa egitea aurreikusten du. Gaur egun, hari eroaleek 1540 (Finch) / 1813 MVA (Hawk) / 1398 MVA (Cardinal) ahalmena daukate, linean zehar dauden eroale moten arabera. Potentzia handituta, 2000 (Finch) 2370 (Hawk) / 1829 (Cardinal) MVA ahalmenera igoko dute Barcina-Itsaso linea.
Proiektuan jasotzen denez, argindar garraio operazioen tenperatura gehienekoa 50ºC-tik 85ºC-ra igoko litzateke, eta kableen azpiko elementuei eraginik egin ez diezaien, goratu egingo dituzte, dorreak handituz. Euskarriak zelosia metalikoak dira, hormigoi oinarrien gainean eraikiak. Orain dauden dorre batzuei altueran zazpi metro gehiago emango diete. Proiektuak dioenez, ez dute beste euskarririk eraikiko, ezta trazatua aldatu eta beste kokaleku batera mugitu ere.
Lineak Burgosko Tobalina harana, Arabako hamar udalerri (Lantaron, Gaubea, Lantaron berriz, Erriberagoitia, Añana, Erriberagoitia berriz, Iruña Oka, Gasteiz, Zigoitia, Arratzua-Ubarrundia eta Legutio) eta Gipuzkoako bost udalerri (Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati, Legazpi eta Gabiria) zeharkatzen ditu.