1.250 euro bildu dituzte Zeraingo Olentzero solidarioa ekimenean
Aurtengo Gabonetan ere, Olentzero solidarioa ekimena egin dute Zerainen, ZerainLab-ek antolatuta. Aurtengoan, Zeraingo Herri eskolarekin elkarlanean egin dute ekimena. Ekimenaren helburu nagusia behar dutenei laguntzeko dirua biltzea da. Horretarako herriko zenbait puntutan itsulapikoak jarri zituzten abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean. Herri eskolako haurrak izan dira itsulapikoak apaintzeaz arduratu direnak.
Guztira, 1.250 euro bildu dituzte aurten eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuari eman diete dirua. Gaur goizean izan da ekitaldia. Jose Mari Beitia eskualdeko elikagaien bankuko ordezkaria eta Belen Mendez, Gipuzkoako Elikagai Bankuko lehendakaria Zerainen izan dira gaur. Herri eskolako haurrek diru bilketa nola egin duten azaldu dute eta Gipuzkoako Elikagai Bankuak eskerrak eman dizkie ikasle, irakasle eta ZerainLabeko kideei Zerain bezalako herri txiki batean hainbeste diru biltzeagatik. Zerainen urtero egiten den ekimen hau oso lagungarri zaiela azpimarratu dute.