Ioritz Berra aukeratu du Zaldibiako EH Bilduk alkategai izateko
Donostiarra izatez, nekazaritza ingeniaria ikasketaz eta Goimeneko teknikaria lanbidez, orain zortzi urtetik bizi da Zaldibian. Alderdiaren oinarriek "izaera bizi, gertuko eta dinamikoa" nabarmendu diote.
Zaldibiako EH Bilduk gaur goizean jakinarazi du maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako zerrendaburua eta alkategaia zein izango duen: Ioritz Berra Juaristi. Koalizioaren herriko oinarriak aho batez onartu du Berraren barne hautagaitza, urtarrilean eta otsailean garatu dituen batzarretan eta bozketetan.
Donostian, Gros auzoan jaioa da Ioritz Berra, 1984an, eta Zaldibian 2015etik bizi da, Irastortzagoikoa baserrian. Nekazaritza Ingeniaritza teknikoa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Goimen Goierriko landa garapen elkartean teknikari lanean ari da gaur egun.
Ibilbide sozio-politikoari dagokionez, “ikasle, gaztetxe eta auzo mugimenduan aritua” da Berra, Zaldibiako EH Bilduk ohar batean esan duenez. “Zaldibiako eta Goierriko ekimen ezberdinetan murgilduta dabil azken aldian”. Bere izaera “bizia, gertukoa eta dinamikoa” nabarmendu ditu koalizioak; “komunitatearekiko eta herriarekiko atxikimendua izan ditu oinarri Ioritz Berrari alkatetzara aurkezteko eskaera gauzatzeko”.
Udal hauteskundeei begira, eta begirada 2023-2027 agintaldian jarrita, herriko politika “beste modu batera” egin daitekeela erakutsi duela esan du EH Bilduk; “eta aurrean ditugun erronka berriei heltzeko ere bide horretan jarraitzeko konpromiso argia dugu”. Ildo horretan, Berra “hautagai egokia eta konfiantzazkoa” dela gaineratu du.
Zerrendaburuaren izena plazaratuta, hautagai zerrenda osatzeko lanean ari direla gehitu dute. Herriko egitura zehazteko lanketa ere martxan dute, eta otsail-martxoan izango dira hauteskunde-programa lantzeko saioak.