"Mahai sindikal bat martxan jartzeko eskatu diogu Hezkuntza Sailari"
Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra elkarrizketatu dute Hamaika Telebistan. Hezkuntza Legea izan du hizpide, eta nabarmendu du bi “eztabaida” daudela mahai gainean.
Eztabaidetako bat Hezkuntza Legearen ingurukoa dela adierazi du, eta bestea langileen aldarrikapen laboralei buruzkoa. Hori horrela, Aranburuk nabarmendu du hezkuntzako sindikatuekin mahai sindikal bat deitzeko eskatu diotela Hezkuntza Sailari. Izan ere, bere esanetan, Hezkuntza Legeak “eraldaketa sakona” behar izateaz gain, langileen aldarrikapenei erantzuna eman behar die Hezkuntza Sailak.
Hezkuntza Legearen aurreproiektuari dagokionez, LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak adierazi du “konpromiso sendoagoak” behar dituela euskalduntzeari eta segregrazioari dagokionez. Horrez gain, aipatu du ondo “zehaztu” behar direla Euskal Hezkuntza Zerbitzuan parte hartzen duten ikastetxeen betebeharrak zeintzuk diren, eta azpimarratu du “konfluentziaren” aldeko hautua egiten dutela gaur egungo eredutik sistema publiko burujaberanzko “trantsizioan”.
Elkarrizketa osoa Hamaika Telebistan.