Antzinako argazkiak esku onetan gordeta
Arantzan jaio eta Legazpin bizi izan zen Lucio Bergara argazkilari afizionatuaren argazki zaharrak berreskuratu eta gero, Nafarroako Agiritegi Nagusiari eta Lenbur Fundazioari eman dizkio haren familiak, etorkizunerako gorde ditzaten.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/02/lucio_bergararen_argazkiak.jpg)
Lucio Bergara argazkilariaren Legazpiko lanak bezala, Nafarroako Arantza jaioterrian lehenago egin zituenak ere esku onetan daude gordeta orain. Haren biloba Maria Rosario Alustiza Bergararekin ezkonduta dagoen Angel Murua Iñurritegiren ekimenez –biak legazpiarrak dira–, Arantzako etxeko ganbaran zegoen material guztia berreskuratu eta Nafarroako Agiritegi Nagusiari eman diote dohaintzan.
Argazkilari afizionatu hark XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan bere jaioterrian egindako 1.035 argazki plaka dira. Nafarroako Fototeca programaren barruan zainduko dituzte orain. Legazpikoak, beste 130 argazki inguru, Lenbur Fundazioaren eskuetan daude gordeta.
Kronika grafikoa
Lucio Bergara 1930ean iritsi zen Legazpira Arantzatik, eta handik ekarri zuen argazkigintzarekiko zaletasunarekin jarraitu zuen. Baina Gipuzkoara etorri aurretik beirazko plaketan egindako argazkiak ez zituen ekarri, bertan utzi zituen, eta familiaren Gartxinea etxeko ganbaran egon dira gordeta hamarkada luzez.
Muruak atera zituen handik, familiaren baimenarekin. «Laborategi gisa erabiltzen zuen etxola txiki batean zeuden, ganbaran», gogoratzen du. Gelatino bromurozko 1.035 beirazko plaka ziren, 13×18, 9×13 eta 6×9 zentimetrokoak, «garai hartako negatiboak ziren, oso delikatuak». Banan bana garbitu ondoren, eskaneatu egin zituen, eta paper arruntean inprimatu ere bai, gero dokumentatzeko.
«Bi urteko lana izan zen», dio, eta emaitza, XX. mende hasierako Arantzaren kronika grafikoa da, «familia gertakariak, taldeko argazkiak, erretratuak, festak… herriaren historia berreraikitzeko lekukotasun garrantzitsua».
Eta gorde beharrekoa. Bergara familiak Nafarroako Gobernuko Agiritegi Nagusiari dohaintzan eman dizkio plaka horiek urte hasieran. Lucio Bergara argazki funtsa hori kalitate altuan digitalizatzen ari dira orain, eta katalogazio lanak egin ondoren, herritarren eskura jarriko dute.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/02/lucio_bergararen_argazkiak-1-500x335.jpg)
Plazaola baserri inguruko gari soroak, Legazpin. Argazkia: Lucio Bergararen funtsa
Legazpikoak, Lenburren
Lucio Bergararen Legazpiko etaparen jatorrizko argazki plakak non gorde bilatzen ari da orain familia. «Legazpikoak ez zituen berak errebelatu, kanpora bidaltzen zituen», azaldu du, baina horregatik ez dute balio gutxiago. 130 ziren, eta Kale Nagusian zuen etxeko ganbaran zeuden gordeta.
Muruak berak jaso zituen haiek ere 1990eko hamarkadan, baina «orduan internegatiboak egin nituen, hau da, plaka bakoitzaren argazki bat atera nuen, kalitate handikoa, kopia bat nolabait esateko». Internegatiboak Lenbur Fundazioari eman zizkion familiaren izenean, eta herritarren eskura daude horiek ere orain.
Lenburrek erakusketa bat egin zuen argazki haiekin 1990ean, Legazpi 1930… izenburupean, eta irudi bakoitzaren informazio ugari lortu zuten legazpiarren aldetik. Patricio Etxeberria lantegiko kanpoko eta barruko argazkiak, Legazpiko kale eta eraikinen ikuspegi orokorrak, familia eta gizarte erretratuak, festetakoak… ziren. Haiek ere, herriaren historiaren zati bat jaso zuten, Arantzakoek bezala.