Gaztainaren kultura, ikerkuntza ere elikatzera
Ataungo Barandiaran Fundazioaren 2023ko ikerketa beka esleitu dute. Gaztainondoaren etnografia ikertuko dute bi unibertsitate-ikaslek. Galdutako esparru garrantzitsu baten azken jakintzak bilduko dituzte.
Gaztaina aleak eta morkotsean, Ordiziako iraileko azoka berezi batean erakusgai. Argazkia: Loinaz Agirre Oinarrizko elikagaia izan da gaztaina Euskal Herrian. Paleolitikoko aztarnetan ere aurkitu dituzte arrastoak, eta ezkurrarekin batera, gizakiaren nahiz abereen sustengu eta elikagai izan zen. XVI. mendean hasi zitzaien itzala egiten Amerikatik ekarritako artoa eta patata.
Elikaduran ez ezik, euskal etnografian eta antropologian ere arrasto sakona utzi du gaztainak, bere baitan kultura bat osatzeraino. Fruitu preziatua zen, eta arreta berean zaintzen, lantzen eta biltzen zituzten gaztainadiak eta gaztainondoak.
Galdu egin da, ordea, XX. mendearen joanean. Bai mahaitik, bai basoetatik –gaitzen ondorioz eta uztearen erruz–. Ikerketa antropologikorako gai mamitsua dela ikusita, Ataunen egoitza duen Barandiaran Fundazioak gaztainondoaren lanketa eta kultura ikertuko duen proiektu bati eman dio beka.
Urte bukaeran elkartu zen Barandiaran Bekaren epaimahaia, 2023ko deialdira aurkeztutako bederatzi lanen artean irabazlea ebazteko. Aho batez onartu zuten ikerketa-beka, 10.000 eurorekin hornitua, Gaztainondoaren etnografia bat Tolosaldean lanari esleitzea.
Bi zientzia arlo uztartuta
Bi urtean behingo txandan, etnografia-antropologia sailera bideratu dute aurtengo beka –arkeologia izan ohi da beste diziplina, tarteko urteetan–. Bi ikaslek osatutako taldeak ikertuko du gaztainaren ondarea.
Aintzane Kortajarena Alejos (Asteasu, 2000), Gizarte Antropologia graduko azken urteko ikaslea da, eta Akaitz Sarasola Mugertza (Lizartza, 1999) berriz, Nekazaritza eta Basogintzako Ingeniaritza gradu bikoitzeko azken urtean dago. Hala, bi zientzia-arlo desberdin uztartuko dituzte, antropologia eta teknikoagoa den basogintzarena.
Beka-deialdian Fundazioak jaso dituen proposamen guztien artean ondoen garatutakoa dela balioetsi du epaimahaiak, diseinu, helburu, hipotesi, metodologia eta bibliografia aldetik.
Ikerketarako urtebeteko epea izango dute orain. Gaztainondoaren kultura eta ingurumarian hartzen duen alderdi etnografikoa aztertuko dute bi ikasleek. «Hutsune bat sentitzen genuen gure kulturan hain garrantzitsua eta oinarrizkoa izan den zuhaitz eta elikagai honen inguruan, oso lan gutxi baitaude, eta apurka gaztainondo-kultura hori guztia ahanzturan erortzen ari da», aurreratu dute ikertzaileek.
Garrantzia neurtzera
Ikerketa-eremua Tolosaldea izango den arren, gertutasunagatik eta ezaugarri antzekoengatik, Goierrirako ere interesgarria izango da jasoko duten ondarea. «Gaztainondoak eta gaztainak zer nolako garrantzia izan duen aztertzea da helburu nagusia», esan dute Kortajarenak eta Sarasolak. Kultura horrek utzitako «arrastoak» identifikatu, eta gaur egun zer egoeratan dagoen aztertu nahi dute.
Oro har, gaur egun gaztainondoaren-kultura «nahiko galduta» dagoen susmoa dute. «Horrek gure lanean oztopo egingo digulakoan gaude. Oso momentu eta egoera jakinetan mantendu da kultura hori, baina irudimen kolektiboaren parte da». Adineko pertsonen esperientzia eta jakituria jasotzea berebizikoa izango da.












