Bi-Tartean elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu inauterietarako
Areizaga-Kalebarren plaza eta erakusleihoak apainduko dituzte, txaranga batek bi herrietako kaleak alaituko ditu eta mozorro lehiaketa egingo da
Otsailaren 18ko (larunbata) eguerdian Urolatarrak txarangak herriko kaleak alaitu eta girotuko ditu. Gainera, Areizaga-Kalebarrenen Cucu Flash enpresarekin elkarlanean fotomatoi bat jarriko da jendeak bakarka edo kuadrillan argazkiak atera ditzan. Argazki hauek Bi-Tartean elkartearen webgunera igoko dira eta mozorro lehiaketa egingo da. Otsailaren 20tik 26ra mozorro lehiaketan parte hartzen duten mozorroen argazkiak webgunean egongo dira eta herritarrek botua eman ahal izango dute. Irabazleen artean erosketa bale bat zozkatuko da.