Urretxuko artistak, Da Vinciren pare
Urretxuko Udalak giza irudi marrazketa saioak antolatzen ditu, modelo eta guzti. Josu Marotok gidatzen ditu. Urretxuko eta inguruko herrietako marrazkilariak elkartzen dira.
Historiako margolari onenek modeloekin lan egin dute. Euskal Herriko zaleek horien pare sentitzeko aukera dute, Urretxun. Saio hauek Josu Maroto marrazkilari urretxuarraren ekimenez jarri ziren martxan, 2015ean. Hilero saio bat egiten dute. Aurtengo lehen saioa asteartean izan zen. Beste zazpi egingo dituzte: martxoaren 7an, apirilaren 18an, maiatzaren 6an, irailaren 12an, urriaren 3an, azaroaren 7an eta abenduaren 19an. Saioak Labeaga aretoan dira. Guztiak 18:30ean izango dira, maiatzaren 6koa izan ezik. Azken hori egun osokoa izango da (10:00etatik 18:00etara). Izena emateko 943 03 80 88 zenbakira deitu behar da.
Marotok Goierriko zaletuak parte hartzera animatu ditu. «Urretxuko arte tailerrean hasi ginen eta ondoren Labeaga aretora etorri ginen. Oso toki egokia da. Eszenatokian jartzen gara, borobilean, eta modeloa erdian jartzen da. Argiztapenaren eta musikaren laguntzarekin, giro berezia sortzen da. Argiztapenaz eta musikaz Josu Rodriguez arduratzen da».
Marotok ematen du eskola. «Gidari lana egiten dut. Denei laguntzen saiatzen naiz. Irizpideak ematen dizkiet».
Hilero 10-bat lagun elkartzen dira. «Harrigarria bada ere, gehienak inguruko herrietatik etortzen dira: Ordiziatik, Arrasatetik, Eibarretik, Antzuolatik…».
Modeloarekin marraztearen aberastasuna
Izan ere, toki gutxitan dago modeloarekin marrazteko aukera. «Euskadi mailan, ez da erraza aurkitzen. Bartzelonan astero modeloarekin marrazteko aukera dute, baina hau herri batean egiten dugu. Herri baterako, sekulako eskaintza da». Kanpotik etortzen denetako bat Jesus Arana ordiziarra da. «Oso gustura etortzen naiz. Dena oso egokia da», azaldu du.
Marotok modeloarekin marraztea oso aberasgarria dela dio. «Argazki bat marraztea askoz ere errazagoa da, hiru dimentsiotik bi dimentsioetarako pausoa argazkiak egin baitu. Gainera, giza gorputza marraztea oso zaila da. Bestalde, modeloak poseak eta argiztapena lantzeko aukera ematen digu. Zuriñek lana asko errazten digu. Biluzik dago, baina saioan zehar ez gara horretaz konturatzen. Naturaltasun osoz egiten dugu».
Josu Maroto. Marrazkilaria
«Bizidun bat marrazten duzunean, bere postura sentitu egin behar duzu»
Zuriñe Ormaetxea. Modeloa
«Arnasketaren bitartez, nire gorputz osoa kontrolatu beharra dut»
Eskultura bat marraztea eta pertsona bat marraztea ez da gauza bera. «Bizidun bat marrazten duzunean, bere postura hori sentitu behar duzu, bere tentsioa, bere sentimenduak… Askoz ere aberasgarriagoa da».
Ormaetxea Urretxuko arte tailerretik pasa den hirugarren modeloa da. «Lehenengoa ere emakumezkoa zen. Familia kontuengatik utzi zuen. Ondoren, Iruñeko mutil bat izan genuen. Mutil hori Bartzelonara joan zen lanera eta Zuriñeri deitu genion. Dagoeneko urte batzuk daramatzagu berarekin. Oso gustura gaude. Oso gertukoa da eta esperientzia du, Uruguaien modelo lanetan aritu baitzen. Bizkaitik etortzen da, Barrikatik».
Meritu handia ematen dio Ormaetxearen lanari. «Geldirik egotea, postura aberasgarriak izatea, gorputz guztia sentitzea… ez da batere erraza. Postura burutik hanketako behatzetako puntaraino doa. Modeloak gorputz guztiaren kontzientzia behar du aberastasuna eta edertasuna emateko. Konfiantza izatea eta lotsa ez edukitzea ere garrantzitsua da, noski».
Saioek bi ordu eta erdiko iraupena dute eta denbora horretan Ormaetxeak iraupen ezberdineko poseak egiten ditu: 30 segundokoak, minutu batekoak, 5 minutukoak, 15 minutukoak, ordu erdikoak… «Minutu erdiko eta minutu bateko poseen helburua marrazkilariek modeloaren aurpegiera eta gorpuzkera harrapatzea da, ez behin-betiko marrazkia egitea. Bestalde, marrazteko eta margotzeko modu asko daude: batzuk detaileei garrantzia ematen diete, beste batzuk keinuei… Arkatzarekin, pastelekin, ikatzarekin, errotulagailuaren, akuarelarekin…».
Modeloaren iritzia
Ormaetxeak, marrazkilariek bezainbeste gozatzen duela dio. Nahiz eta bere lana ez den batere erraza. «Arnasketaren bidez, gorputza kontrolatu behar dut. Pose laburrak errazagoak dira, noski. Luzeetan kontzentrazio maila handia behar da».
Uruguaiko Arte Ederretako fakultatean eman zituen lehen pausoak. «Bertan hasi nintzen modelo lanetan. Lau urte eman nituen. Ondoren, beste artista batzuekin lan egin nuen. Duela sei urte Euskal Herrira itzuli nintzen. Eibarren, Iruñean… lan egin dut. Urretxun bost urte daramatzat. Oso gustura nago. Gertutasunari garrantzi handia ematen diot eta gertutasun handia dugu. Elkar zaintzen dugu».