Paper fabrika zaharraren eremua berrantolatzeko hirigintza plana aurkeztu du udalak
Aurreikuspenen arabera, eraikinak eraitsiko dituzte, bulegoetakoa eta tximinia izan ezik. Aurkeztutakoa ez da inbertsio edo proiektu bat, arau subsidiarioen moldaketa baizik.
Legorretako Udalak paper fabrika zaharraren eremurako berrantolaketa berria aurkeztu du. 2017an eremurako proiektu proposamen bat egin zioten udalak eta Goiekik Gipuzkoako Foru Aldundiari, baina ez zen bideragarria izan, berrerabilpenaren alternatibaren bideak oztopoak dituelako. Gaur egungo aurreikuspenetara gerturatu ahal izateko, egin daitekeenaren parametroak aldatuko dituzte, hirigintza plana eta arauak aldatuz.
2017ko proposamenean, eskualde eta herri mailako hainbat erabilera jartzeko modua landu zuten, eremua ekoizpen, aisialdi, sormen eta egitasmo gune gisa planteatuta. Bulegoetako eraikina botatzea aurreikusten zen. Aldundiko Ondare Sailak babestuta dagoenez, baina, ezin da eraitsi. Errepidea desbideratzea ere proposatu zuten, baina proiektua ez dago Aldundiaren lehentasunen artean, eta, hala, ez da egingarria.
Aurreikusitakoa ezin denez egin, udalak irtenbide bat eman nahi dio eremuari, jabeekin hitzartuta, eta horretarako arau subsidiarioak aldatu behar dituzte. «Egoera kaxkarrean dago, degradatuta. 2011n utzi zenetik, zer egin daitekeen ikusi da, eta horren barruan egin zen 2017ko proposamena. Diruz hornitu behar zen eta baliabideak oso handiak ziren proiektu hori egiteko. Gainera, kutsadura arazoa dago, amiantoa dago», azaldu du Mikel Ormazabal Aizpurua Legorretako Udaleko arkitektoak.
Eremua eraistea
Aldundiak diru bat sartu du amiantoa kentzeko eta segurtasun baldintzak ezartzeko. Eremua berrerabiltzearen bideak, halere, «oztopo asko» ditu. «Arazo iturri hori eteteko, sustatuko dena da plangintza berri hau». Hirigintza planaren moldaketaren bidez, eremua eraitsiko da, baldintza batzuekin: bulegoetako eraikina mantenduko da, eta baita tximinia ere, posible bada. «Proposamen bat non alde batetik, Oria ibaiaren inguru guzti horretan ingurumen neurriak hartzen diren, eta, bestetik, uholdegarritasun baldintzak hobetzen diren».
Libre geratuko litzatekeen eremuan sektore tertziariorako beste eraikin bat egitea ere aurreikusten da plangintzan. Errepidea ere berdin mantenduko litzateke, eta bidegorriari jarraipen bat ematea planteatu dute. Plan berriarekin, hala, arauak aldatu eta onartuko ditu udalak, «garaietara hobeto egokitzeko» eta bertan garatu ahal izango litzatekeena bideratzeko.