Ondareari buruzko erakusketa zabaldu dute San Andreseko ikasleek
Ormaiztegiko San Andres herri ikastetxeko ikasleek Gure Ondarea izeneko erakusketa ireki dute Zumalakarregi museoan. Dagoeneko, klasiko bihurtu da erakusketa hau herrian, izan ere, «badira hamar urte San Andres ikastetxearen eta Zumalakarregi museoaren arteko elkarlana» hasi zenetik, Lourdes Azpiazu museoko koordinatzaileak gogoratu duenez.
Pandemia tarteko, azken bi urteetan egiteke geratu den arren, 2013an hasi ziren ondarearen kontzeptuan sakontzeko proiektu hau lantzen. Azpiazuk azaldu duenez, erakusketa proiektu osoaren atal bat da: «LH 5. mailako ikasleekin urtero egiten dugu Ondarea izeneko ikastaro bat».
Gordailu-n bisita gidatua
Ikastaroa bost saioz osatuta dago eta helburu nagusia haurrei museo baten barne antolaketa nolakoa den erakustea da: «pieza bat museora iristen denean zein bide egiten duen azaltzen diegu, dohaintzan, erosita edo deposituan utzita etorri den aztertzen dugu, erregistro bat nola egiten dugun azaldu, nola zaindu behar den…».
Ondarearen inguruko hausnarketa ere egiten dute saioetan zehar, «ondarea zer den, zer ondare mota ezberdin dauden…» aztertuz. Behin hausnarketa eginda, ikasleei beraientzako ondarea den pieza bat aukeratu eta museora eramatea proposatzen zaie. Bildutako objektu guztiak bitrinetan sartu eta izendatzen dira gero erakusketa egiteko, «ikasleak erakusketa honetako komisario bihurtzen dira», dio koordinatzaileak. Ikastaroaren beste ataletako bat da Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentrora urtero egiten duten bisita.
Zumalakarregiren katalejoa
Aurten, Tomas Zumalakarregiren katalejo bat eskatu diete Tabakalerako erakusketa baterako, eta kasualitatez ikasleek katalejoa museotik nola atera duten eta nola garraiatu duten ikusteko aukera izan dute, «oso aberasgarria izan da», esan du Azpiazuk. Erakusketa ostegunean ireki zuten eta igandera arte dago ikusgai museoko ordutegian.