Legazpin larunbatean egingo dute Turkiara eta Siriara bidaltzeko elikagai bilketa
Hotz Legazpi elkarteak antolatu du bilketa. Azokan egongo dira goizetik, eta Hegialdeko Eroskin eta BM dendan karroak jarriko dituzte.
Hotz Legazpik bat egin du Zaporeak elkarteak bultzatutako elkartasun kanpainarekin, eta larunbatean, hilak 18, Siriako eta Turkiako lurrikarak kaltetutako pertsona errefuxiatuentzako elikagaiak bilduko ditu. Azokan egongo dira 09:30etik 14:00era, eta Hegialdeko Eroskin eta eta BM-n karroak jarriko dituzte.
Arroza, pasta, sardinak eta atuna bezalako arraina kontserban eta esnea jasoko dute batez ere, baina baita lekale egosiak ere, latetan kontserbatutakoak eta txerrikirik gabeak.
Dirua ere eman dateke, Caja Ruraleko ES69 3008 0210 10 33023077 kontuan.
Siriako herria laguntzeko
Zaporeak elkarteak nabarmendu duenez, “egoera jasanezina da oraindik Sirian, herrialde hori misilek eta goseak isolatuta utzi duten 11 urteko gatazka armatuaren ondoren”. Lurrikarak “areagotu egin du gerratik eta beldurretik ihesi zelaietan
gaizki bizi diren errefuxiatu guztien ahultasun egoera”. Horiei laguntzeko, edukiontzi bat bidaliko du itsasoz Turkiara, euskal herritarrek ematen dituzten elikagaiez beteta, eta laguntza horrek Siriara arteko bidea egingo duela agindu du.
Zaporeak elkarteak urteak daramatza Turkiako mugako errefuxiatu eremutara janaria eta eskola materiala bidaltzen, Siriako Herriari Laguntzeko Elkartearen laguntzarekin.