Pintura saio didaktikoa egingo du Arkatzak
Esteban Oroz margolari eibartarra izango da gidaria. Koadro bat olioarekin nola margotu eta kalean margotzearen sekretuak azalduko ditu.

Arkatza elkarteak antolatuta, margo saio didaktiko bat egingo du hilaren 24an, ostirala, Esteban Oroz margolari eibartarrak. Koadro bat olioarekin nola pintatu erakutsiko du, eta aire librean margotzeak dituen sekretuak ere azalduko ditu. Arkatzak irailean antolatzen duen aire libreko margo lehiaketari begira antolatutako saioa da, herritarrak parte hartzera animatu daitezen. Orozek, hain zuzen, behin baino gehiagotan parte hartu du lehiaketa horretan, baita sariak irabazi ere, eta aditua da aire libreko margoketan.
Kultur Etxeko areto nagusian izango da saioa, 17:00etatik 19:30era, eta partaideek bost euro ordaindu beharko dituzte, baina Arkatzako bazkideek bi euro bakarrik.
Parte hartzeko izena eman behar da, gaurtik hilaren 22ra bitartean: 680 997 589 zenbakira deituta edo Whats-App mezu bat bidalita, edo arkatzakultura@gmail.com helbide elektronikora idatzita.