Emakumezko musikarien lanak entzungai izango dira igandean Zeraingo elizan
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Batura musika zikloaren barruan, Alexander Da Costa (Quebec, Kanada) biolinistak eta Josu Okiñena pianista donostiarrak kontzertua eskainiko dute igandean Zeraingo Andra Mari Jasokundearen elizan. Kontzertua 12:30ean hasiko da, eta doako autobus zerbitzua egongo da Donostiatik.
Batura zikloa Okiñena berak bultzatutako ekimena da. Piano-jotzaile izateaz gain, ikertzailea eta Musikene Fundazioko irakaslea ere bada. Orain hiru urte sortu zuen ekimena, «euskal musika nazioarte mailako beste musika batzuekin batera programatzeko helburuarekin», zehaztu duenez. Urtero gai zehatz baten inguruan antolatu dute zikloa eta aurtengoa Emakumea eta euskal musika izenburupean garatzen ari dira.
Utzitako musika ondarea
Okiñenak berak aitortu duenez, historian zehar emakumearen figura baztertua izan da sarri, «are gehiago arteen esparruan». Bere hitzetan euskal musika sortu duten emakume konposatzaileak egon badaude, «baina gaur egun guztiz ezezagunak dira, zoritxarrez, publiko zabalarentzat», atsekabetu da.
Igandean, Da Costa lagun minarekin batera eskainiko duen kontzertuan Maria Luisa Ozaitaren (Barakaldo, 1939 – Madril, 2017) eta Emma Chaconen (Bartzelona, 1886- Bilbo, 1972) obrak eskainiko dituzte, besteren artean. Kontzertua «anitza» izango da musikari dagokionean, «lehendabiziko zatian Johannes Brahms-en sonata bat joko dugu eta bigarrenean euskal musika», zehaztu du Okiñenak. Ozaitaren eta Chaconen lanez gain, Maurice Ravel edo Pablo Sarasateren beste batzuk ere interpretatuko dituzte.
Israeldik itzuli berria
Zeraingoa bezalako eliza batean kontzertu bat eskaini ahal izatea «magikoa» dela dio Okiñenak. Gustura dago, gainera, zikloari esker mota honetako musika eskaintza herri txikietara gerturatzeko aukera ere badutelako. Zeraingoa Goierriko kontzertu bakarra izango da. Israeletik gaur bertan itzuliko da Okiñena eta igandean Zerainen izango da.