«Ez Beasainen, ez Euskal Herrian, ez dugu baso aipagarririk»
‘Beasaingo basoak, nondik nora?’ hitzaldia emango du gaur Garazi Auzmendik Igartzako jauregian, 18:00etan, Arrano kulturaren ekimenez. Ingurua hobeto ulertzen lagunduko du.
Formakuntzaz ingeniari industriala zara, baina gaur Beasaingo basoen inguruko hitzaldia emango duzu, Beasaingo basoak, nondik nora? lelopean. Nolatan?
Gipuzkoako basoak eta klima aldaketa aztertzen aritu nintzen 2018. urtean, Foru Aldundiak emandako beka batekin. Hor hasi nintzen basoen inguruko lanketa egiten.
Zer aurreratu dezakezu gaurko hitzaldiaren inguruan?
Beasaingo eta Gipuzkoako testuinguruan kokatuta, orokorrean, basoaren aspektu desberdinak izango ditut hizpide, ezagutza orokor bat lortzeko. Zer den baso bat galderari erantzuten saiatuko naiz, zeren gaur egun, edozeri deitzen diogu basoa. Hor azpimarratu nahi dut, Beasainek ia 30 kilometro karratu dituela, baina beasaindar askok ezagutzen ez duten ingurua dugula. Hitzaldi honekin, horri begira jartzea da helburuetako bat.
Nola?
Beasain bere osotasunean baso izango balitz, gaur egun dugun testuingurua erabat desberdina izango litzatekeela erakutsiko dut. Beasaingo udalerriaren azaleraren ia laurden bat hartzen du basoak. Saiatuko naiz erantzuten zer gertatu den horra iristeko, azken urteetako ortoargazkien bidez. Halaber, zer den baso bat, zein ezaugarriak izan beharko lituzkeen, basoak nondik datozen, klimaren eraginez nola eraldatu diren… azalduko dut.
Beasainen urbanizatu gabeko eremu horretan altxor aipagarririk badago?
Egia esan, ez Beasainen, ez Gipuzkoan, ez Euskal Herri mailan, ez dugu baso aipagarririk. Galdu egin ditugu. Beno, Nafarroan bai, aurki ditzakegu oraindik baso heldu pare bat. Gainontzean, ez dago baso garrantzitsurik. Hori arazo handia da.
Geratzen diren basoak nolakoak dira?
Egon litezkeenak dira oso-oso gazteak, 30-40 urte izan ditzakete. Baina orokorrean, ekologikoki, egituraren aldetik, elementuen aldetik, gabezia ikaragarriak dituzte.
Herritarrak jabetzen dira hortaz?
Honekin jaio garenez eta hau denez ezagutzen duguna, ez gara konturatzen. Iruditzen zaigu hau dela normala. Jendea hortaz jabetzea ere bada helburua.