Ordiziako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek mobilizazioak hasi dituzte
Sektore feminizatua izateak "lan baldintzetan zuzeneko eragina" duela salatu dute. KPIari lotutako soldata igoerak eskatzen dituzte, "gutxienez erosahalmena mantentzeko".
Ordiziako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek mobilizazioak hasi dituzte. Gaur arratsaldean elkarretaratzea egin dute Ordiziako udaletxe parean, Plaza Nagusian, hitzarmen duin bat aldarrikatzeko, ELA sindikatuak deituta. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren titularra udala da. Pribatizatuta dago eta Goxara enpresak kudeatzen du. 10 bat langile ari dira egun lanean. Sektore feminizatua izateak “lan baldintzetan zuzeneko eragina” duela salatu dute.
“Besteak beste, langile gehienok jardunaldia osorik ez izatea edota soldata arrakalak”. Uztailean udalari eta enpresari KPIari lotutako soldata igoerak eskatu zizkieten, «gutxienez eros ahalmena mantentzeko», baina adierazi dutenez, haiengandik jasotako proposamenak ez du zehazten noiz aplikatuko zaizkien soldata igoerak. «Honek galera nabarmen bat suposa lezake langileen erosahalmenean». Horregatik, datozen egunetan ere «langileen baldintzak duinduko dituen hitzarmen baten alde borrokatzen» jarraituko dute.