Goierriko Jazzaldiak diru bilketa kanpaina abiatu du
Uztailean X. edizioa izango du Araman eta Ordizian egiten den musika jaialdiak, eta "berezia izatea" nahi dutenez abiatu dute Internet bidezko kanpaina.
Goierriko Jazzaldia antolatzen duen Arama Jazz elkarteak diru bilketa kanpaina abiatu du. “Aurten, 2023. urtean, Goierriko Jazzaldiak 10. urteurrena ospatuko du eta 10. urteurrena izaki, aurtengo ekitaldia berezia izatea nahi genuke. Helburua, dena den, ez da soilik urteurren honen harira zerbait berezia antolatzea, Goierriko Jazzaldiak koska bat gora egin eta maila igoera orokor bat izatea nahi genuke, horrek dakarren guztiarekin”.
Diru bilketa prozesu honek ez dituela “jazzaldiaren oinarriak aldatu nahi” azaldu du elkarteak: “Aldaketak aldaketa, Goierriko Jazzaldiko kontzertuekin doan gozatzeko aukera izaten jarraituko dute ikus-entzuleek”.
Arama Jazz irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta 2013. urtean antolatu zuen lehen aldiz Goierriko Jazzaldia, bailarako biztanleei jazz musika gerturatzeko helburuz.