Hiru emakumezko goierritar Espainiako Pista Estaliko Atletismo Txapelketa Absolutuan
Irenia Apaolaza zeraindarra 200 metroetan lehiatuko da, Ane Torres ordiziarra pisu jaurtiketan, eta Iraia Mendia lazkaotarra 3.000 metroetan. Nora Tobar ataundarra txapelketatik kanpo geratu da.
Espainiako Pista Estaliko Atletismo Txapelketa Absolutua jokatuko da bihartik igandera, Madrilgo Gallur polikiroldegian. Neguko denboraldiko atletismo txapelketarik garrantzitsuena izango da. Hiru goierritar izango dira bertan, diziplina ezberdinetan: Irenia Apaolaza, Iraia Mendia eta Ane Torres.
Txindoki Atletismo Taldeko Irenia Apaolaza (Zerain, 2002) izango da lehiatzen lehena, 200 metroetan. Otsaileko lehen asteburuan zilarra lortu zuen 23 urtez azpiko Espainiako Pista Estaliko Txapelketan, Antequeran (Malaga). Marka pertsonala ezarri zuen, 24:50 markarekin (absoluturako minimoa). Madrilen, bihar, 18:15ean, sailkapen proba jokatuko du, sailkatuz gero, larunbatean, finalaurrekoa 18:30ean, eta sailkatuz gero, finala, igandean, 12:50ean. Parte hartzaileen artean, seigarren markarik onena dauka.
Bilbao Atletismo taldeko Iraia Mendiak (Lazkao, 2003) urrea lortu zuen 3.000 metroetan Antequeran, 23 urtez azpikoan. Zazpigarren markarik onena dauka absoluturako, 9:21:47 markarekin. Finala larunbatean izango da, 20:15ean.
Hirugarren goierritarra Atletico San Sebastian taldeko Ane Torres (Ordizia, 1999) izango da. Pisu jaurtiketan (4kg) lehiatuko da. Ekainean Nerjan (Malaga) jokatu zen Espainiako Aire Libreko Atletismo Txapelketa Absolutuan brontzea eskuratu zuen Torresek, 14.05 markarekin. Urtarrilean, 13.98 marka ezarri eta Euskadiko txapeldun izan zen Euskadiko Txapelketa Absolutuan. Igandean, 12:05ean izango da finala.
Nora Tobarrek ez du parte hartuko
Atletico San Sebastian taldeko Nora Tobar ataundarrak Nerjan jokatutako Espainiako Aire Libreko Txapelketa Absolutuan zilarra lortu zuen ekainean, altuera jauzian. 2021ean, txapelketa eta diziplina berean, urrea lortu zuen. Txapeldun eta txapeldunorde izanda ere, asteburuko Pista Estalikotik kanpo geratu da. Aurtengo neguko denboraldian 1,74 marka ezarri du (aire librean 1.84koa du). Nahiz eta bigarren aukerako marka lortu duen (1,75 da minimoa, eta bigarrenekoa 1,72), ez du saltorik egingo asteburukoan. Atletico San Sebastianek sareetan zabaldu duenez, atzerriko atleta bati eman diote plaza, eta hala Tobar kanpoan gelditu da. Beste diziplina batzuetan atleta gehiagori lekua egin dietela salatu dute. “Markarik gabeko lau triplisten merituak kontuan izan dituzten bezala, Espainiako txapeldun absolutu baten merituak ere kontuan izan beharko lirateke”.