Kultur Astea egiten ari dira Segurako Laiotz herri eskolan
Segurako Laiotz herri eskolan Kultur Astea egiten ari dira astelehenaz geroztik. Igandera bitartean hamaika ekitaldi dituzte antolatuta. Inauteri giroan emango diote amaiera Kultur Asteari herrian antolatutako beste hainbat ekintzarekin bat eginez.
Kultur Astea urtero antolatzen dute Laiotz herri eskolan, besteren artean, «ikasleen arteko elkarkidetza indartzeko» helburuarekin, Jone Iturrioz zuzendariak esan duenez. Gainontzean, «euskararen erabilera sustatzeko eta aniztasunean sakontzeko» ekintzak izaten dira guztiak.
Hitzaldiak, ipuin kontaketak, kirolari lotutako saioak, antzerki emanaldia, ikuskizunak… askotariko ekintzak prestatu dituzte aurten, ikasleek, irakasleek eta gurasoek elkarlanean. Ez da eskola barrura begira egindako programazioa soilik izango, herriari begirako hainbat ekintza ere antolatu baitituzte.
Askotariko ekintzak
Orain arte, Ondarre baserrira eta Erraztiolatza museora bisitak egin dituzte, Ordizia Rugby taldeko Moharen hitzaldia entzun, sukaldaritza tailerrean bizkotxoa egiten ikasi edo maila ezberdinetako ikasleen arteko joko kooperatiboetan parte hartu dute. Atzo arratsaldean, adibidez, ikasleek ikuskizuna eskeini zuten frontoian. Gaur, Jon Aranburu kulturistak eta Jon Ander Albisu pilotariak hitzaldia egingo dute, antzerki saioa eta sukaldaritza ikastaroa ere izango dira. Bihar, berriz, Ane Murua bikoizlearen bisita jasoko dute eta mozorro jaialdiarekin amaituko dute astea.