Legazpiko gizarte zerbitzuen eta elkarteen gida kaleratu du udalak
Etxe guztietara banatuko dute, eta udalaren webgunean ere jarriko dute. Gizarte gaietako zerbitzu eta elkarte guztiak ezagutzera ematea da helburua.
Legazpiko gizarte zerbitzuen eta elkarteen udal gida aurkeztu dute gaur goizean udaletxean, udaleko Gizarte Ekintza saileko koordinatzaile den Nerea Arregik eta arlo horretako zinegotzi Maite Lonbidek. Zerbitzuak eta elkarteak ezagutaraztea da argitalpenaren helburua, eta herriko etxe guztietara banatuko dute. Udaletxean bertan, Gizarte Zentroan, Osasun Zentroan eta Kultur Etxean ere egongo da eskura, eta, formatu digitalean, baita udalaren www.legazpi.eus webgunean ere.
Gidaren argitalpenak udalak sumatutako premia bati eta legealdi hasieran ezarritako erronka bati erantzuten die, Lonbidek azaldu duenez. “Gizarte Foroaren bileretako batean komentatu zen pertsona askok ez dituztela ezagutzen gizarte zerbitzuak”, eta horiei zuzenduta kaleratu dute gida, “legealdi hasieran agindu genuen bezala”.
Udaleko gizarte zerbitzuak herritar guztien eskura daudela esan du, bere aldetik, Nerea Arregik, eta astelehenetik ostiralera irekita daudela “edozein zalantza, premia edo informazio argitzeko eta emateko”.
Gida dinamikoa
Udal gidaren xehetasunak ere eman ditu Arregik. Gida “erraza, ona eta dinamikoa” dela nabarmendu du, eta zazpi ataletan banatuta dagoela azaldu du. Lehenengo atala informazio orokorrari eskainitakoa da, eta zerbitzu horietan jarraitzen diren pausoak zehazten dituzte.
Gizarte zerbitzuetara jotzen duten pertsonen beharrak eta zailtasunak, gaitasunak eta sendotasunak eta laguntza sarea identifikatzen dituzte lehenik, eta diagnostiko bat egiten dute ondoren. Gero, beharrezkoa denean, balorazio espezializatuak egiten dituzte eta horien arabera, pertsona horrek jaso ditzakeen laguntzen berri ematen diote eta horiek eskuratzeko tramiteak egiten dituzte.
Lau kolektibo
Lau kolektibotan sailkatu dituzte laguntzak. Desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen kolektiboa dago lehenik, eta hor, besteak beste, etxez-etxeko laguntza zerbitzua, eguneko zentroa, Garagunea, Meazti etxea edo aparkaleku txartela jaso dituzte.
Familia edo Bizikidetza da bigarren kolektiboa, eta bertan adingabe edo nerabeekin egiten dira familia esku-hartzeak edo familia ugariaren titulua eskuratzeko tramitea bezalakoak sartu dituzte.
Indarkeria matxista eta sexu-erasoen kolektiboa da hirugarrena, eta besteak beste emakumeentzako harrera etxea, laguntza juridikoa eta Urola Garaiko Berdintasun Arloa jaso dituzte bertan.
Laugarren atala gizarteratzearena da. Prestazio ekonomikoak, elikagaien bankua eta familia esku-hartzeak bildu dituzte hori, beste batzuen artean.
Atal bakoitzak egitura bera du, eta jasotzen diren zerbitzu edo laguntzen informazio orokorra, nori zuzenduta dauden, baldintzak eta nola eskuratu daitezkeen zehazten ditu.
Gizarte arloko elkarteak
Tokiko eta nazioarteko elkarteentzako diru laguntzen eta Legazpin gizarte arloan lan egiten duten elkarteen zerrendari eskainitako beste bi atalekin osatzen da gida.
Elkarte horiek “lan bikaina” egiten dutela adierazi du Maite Lonbidek, eta bakoitzaren helbide fisikoa eta elektronikoa jaso dituzte. Alkoholiko Anonimoak. Atzegi, Buztintegi. Caritas, Odol Emaileak, Goienetxe Fundazioa eta Legazpiko Garagunea, Hare Haizea, Iratzarri, Katxalin, Nagusilan eta Hotz Legazpi dira.