Lehen itzuliko azken partida jokatuko du Ampo Ordiziak igandean, Altamiran
VRAC Quesos Entrepinaresen aurka jokatuko dute, 12:00etan. Inauterietako igandea izanda, mozorro lehiaketa antolatu du klubak zaleentzat.
Ampo Ordiziak 2022/2023 denboraldiko lehen itzuliko azken partida jokatuko du igandean, Altamiran, 12:00etan. Azken hiru partidak etxetik kanpo jokatu ondoren, zaleekin gozatzeko aukera izango dute berriz ere. Gainera, jai giroa izango da Altamirako zelaian, inauterietako igandean izanda, mozorro lehiaketa jarri baitu martxan klubak. Mozorrorik onena duenak Tximista sagardotegian 2 pertsonentzako bazkaria irabaziko du.
13. jardunaldia izango da. Ondoren, bi multzotan banatuko da sailkapena. VRAC Quesos Entrepinares taldea izango dute aurrean. Partidu zaila izango da, bigarren postuan baitaude Valladolidekoak, eta ordiziarrak bezala, irabaztera aterako dira zelaira. Lehenengo multzorako sailkapena ziurtatuta daukate Quesosekoek. Ez, ordea, ordiziarrek. Matematikoki oraindik goiko multzoan sartzea posible den arren, beheko multzoan sartzea da aurreikusten dena. 13 taldetatik, 8. postuan dago Ampo Ordizia, 25 punturekin, seigarrenetik 5 puntura. UE Santboiana doa seigarren, 30 punturekin, Complutense Cisneros zazpigarren, 29 punturekin, eta Pozuelo bederatzigarren, 23 punturekin.
11 partida jokatu ditu Ampo Ordiziak. Bost irabazi ditu, eta sei galdu. Igandeko partida irabaziz gero, lehen itzulian balantzea orekatuta geratuko litzateke, sei porrot eta sei garaipenekin.