Sagarrondoen inausketa ikastaroa emango dute otsail bukaeran Gabirian
Sagarrondoen inausketari buruzko ikastaroan izena emateko epea ireki du Gabiriako Erbie Elkarteak, interesa duten baserritar eta arbolazain guztientzat. Gabino Murua adituak otsailaren 27an eta 28an emango du ikastaroa.
Saio teorikoa lehenengo egunean izango da, 15:00etan, Erbie elkartean –Gabiriako plazan dago soziedadea–. Oinarrizko eduki hauek landuko dira: sagar txertagai edo patroi ohikoenak (frankoa, MM9, M106, M7…), urtean zeharreko tratamenduak, sagastietarako ongarriak, inausketa motak…
Biharamunean, asteartea, saio praktikoa herriko sagasti batean egingo dute, eguraldiak laguntzen baldin badu. Goizez nahiz arratsaldez, aukeran izango da.
Izena emateko, telefonoz deitu edo Whatsapp mezua idatzi behar da (679 972 372).
Txertaketarena, martxoan
Otsaileko azken bi egunetan inausketa landu ondoren, txertaketari buruzko ikastaroa aparte antolatu dute. Martxoaren 16an emango dute, 15:00etan. Ikastaro horretan izena emateko ere telefono berera idatzi edo deitu behar da.