Aurten ere laguntzak izango dituzte Legazpiko dendek eta enpresa txiki eta ertainek
Lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko merkataritza biziberritzeko helburuarekin emango ditu udalak, 20.000 euroko partida izendatuta. du. Azaroaren 15era arte egin daitezke eskaerak.
Aurten ere diru partida bat izendatu du Legazpiko Udalak, herriko dendei eta enpresa txiki eta ertainei zuzenduta eta lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko merkataritza biziberritzeko helburuarekin. Erik Galvez arloko zinegotziak eman ditu jakitera xehetasunak.
Azaroaren 15era arte irekita dago eskaerak egiteko epea, eta 20.000 euro bideratu dira horretarako. Bosgarren urtez jarraian kaleratzen dituen diru laguntzak dira.
Hiru ataletan banatuta
Hiru ataletan banatu ditu aurten ere laguntza horiek. Hala, lehiakortasuna hobetzeko egiten diren azterlan edo proiektuen kasuan, gastuaren % 90eraino izan daiteke laguntza, baina 1.500 euroko mugarekin.
Denda berria irekitzean edo belaunaldien arteko txandaketa egitean landutako bideragarritasun planaren kostuaren % 90erainoko laguntzak ere emango ditu, kasu honetan ere 1.500 euroko mugarekin.
Eta amaitzeko, inbertsioei dagokienez, % 30erainoko laguntzak izango dira, eta gehienez ere establezimenduko eta urteko 1.200 euroko mugarekin.
Laguntzak jasotzeko baldintzak
Enpresa batek diru laguntza mota bat eska dezake bakarrik, eta 2022ko azaroaren 16tik 2023ko azaroaren 15era bitartean egindako gastuak lagunduko ditu udalak, beti ere dagozkien fakturak eta ordain agiriak aurkezten badituzte.
Eskatzaileek lantokiren bat izan behar dute Legazpin, merkataritza negozio bideragarriaren proiektua eginda izan behar dute eta azken 6 hilabeteetan, plantilan 50 langile edo gutxiago.