Hiru proiektu gehiago aurkeztuko dituzte hurrengo asteko Asteazken Kooperatiboan
Elikadura burujabetzaren inguruan lan egiten duten Biziola, Ereindajan eta Herrerako Sukaldea emango dituzte ezagutzera. Ezkioko udaletxean izango da saioa, hilaren 22an,18:00etan.
Urtarrileko Asteazken Kooperatiboa UG Koop egitasmoaren barruan, elikadura burujabetzaren arloan lan egiten dituen hiru proiektu aurkeztuko dituzte hurrengo Asteazken Kooperatiboan. Ezkioko udaletxean izango da saioa, hilaren 22an 18:00etan, Elikadura burujabetzarantz logika kooperatibotik izenburupean. Biziola Kooperatibarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean Uggasak martxan jarritako proiektua da UG Koop, eta ekintzailetza sozial kooperatiboa eta ekosistema kooperatiboak sustatzeko helburua du.
Egitasmo horren barruan Asteazken Kooperatiboak izeneko saioak antolatu dituzte, hainbat proiektu ezagutzera emateko asmoarekin. Lehen Asteazken Kooperatiboa urtarrilean gauzatu zen, kulturaren arloko proiektuei eskainita, eta orduan Azpeitiko Kulturaz, Aiaraldeko (Araba) Aiaraldea Ekintzen Faktoria eman zituzten ezagutzera.
Hurrengo asteazkenekoa elikadura burujabetzari buruzko saioa izango da, eta horren inguruan lan egiten duten hiru proiektu aurkeztuko dituzte: Biziola, Ereindajan eta Herrerako Sukaldea.
Hiru kooperatiba proiektu
Goierriko herritarrak, ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak eta bestelako erakundeak saretzea du helburu Biziola kooperatibak, “Goierri burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago baten bidean proiektu zehatzak martxan jarriz”. Eskualdeko ekoizleen produktuen salmentarako gunea, produktuak bildu eta banatzeko logistikarako gunea eta, agro-ekologiaren bidean, “hezi eta hezteko espazio bat” da, Lazkaon egoitza duena.
Ereindajan proiektuak, berriz, Bergaran du kokalekua. “Hurbilekoak eta sozialki justuak diren kontsumo ereduak garatzeko eta indartzeko proiektua” da, irabazi asmorik gabea eta bere lan eremua Debagoienan duena. Nekazal eredu agro-ekologikoa bultzatzea du helburu, “bailarari arnasa emanaz”. Debagoieneko eta Euskal Herri osoko elikagai eta produktuen salmentan aritzen dira, bitartekaririk gabe. Produktuen %95a ekologikoa) da.
Herrerako Sukaldea Herreran dago, eta “kolektiboki antolatutako zerbitzua” da. “Denbora, esfortzua eta gastuak elkarrekin aurreztuz, lurraldeko lehenengo sektore eta dendetako lehengaiekin egindako jaki osasuntsuak, goxo eta merke, etxera eramateko zerbitzua da.
Asteazken Kooperatibo gehiago
Beste hiru Asteazken Kooperatibo gehiago ere antolatu dituzte UG Koop egitasmoaren barruan. Martxoaren 22an egingo dute bat, basoen kudeaketari eskainita. Apirilaren 26koa, merkataritza txikiari eta transmisioari eskainita egongo da. Eta maiatzaren 24an, Goierri garaiko ekonomia sozialeko enpresen topaketa egingo dute.













