Lintxek eta Katamaloek eman diete hasiera Legazpiko inauteriei
Ikastetxeen mozorro desfilearen ondoren plazan agertu dira, festak igandera arte luzatuko direla iragartzeko.
Inauteri giroa azken egunetan nabarmena izan bada ere, gaur arratsaldera arte ez dira jai horiek ofizialki hasi Legazpin. Doinua musika eskolako fanfarreak lagunduta, Lintx eta Katamaloak, arduratu dira igandera arte luzatuko den egitaraua irekitzeaz, plazan, txupinazo eta guzti. Aurretik, Domingo Agirre ikastetxeak Urbeltzen zinemari eskainita egin duen jaialdia, eta Haztegi ikastolak kalean kirolarekin osatu duen ikuskizuna izan dira.
Txupinazoaren ostean, mozorrotutako kuadrillez eta karroza txikiz bete da Legazpiko erdigunea, eta kalean eta taberna barrutan ospatuko da festa. Mariatxi doinuak ere izango dira, Alaitasuna errondailak egingo duen kalejiran.
Bihar gazteen eguna izango da, Gazte Asanbladak mafiari eskainita egun osorako antolatutako egitarau zabalarekin, eta igandean Luzaideko inauteria ezagutzeko aukera izango da Sustraiak dantza taldeak eta hainbat herritarrek kaleratuko duten konpartsarekin.