Osakidetzak eskualdean egin nahi dituen murrizketak salatu ditu Legazpiko Berdeak taldeak
Legazpiko Osasun Zentroak mediku bat kendu izana salatu du, eta Zumarragako Ospitalean anatomia patologikoaren saila kentzeko asmoa duela jakinarazi du.
Legazpiko Osasun Zentroan eta Zumarragako Ospitaleko zerbitzuetan Osakidetzak egin nahi dituen murrizketak salatuz ohar bat kaleratu du Legazpiko Berdeak-Independenteak taldeak.
Lehenik, Osasun Zentroan Izaskun Bengoa jubilatu ondoren plaza hori berriz ez betetzeko Osakidetzak hartutako erabakia gaitzetsu du, herriarentzat lehen mailako arretaren murrizketa dela salatuz. Alberto Bezunartea taldeko bozeramaileak esan duenez, “berrantolaketaren kontzeptupean egin duten murrizketaren ondorioz, mediku bakoitzeko paziente kopurua igo da, eta horrek pertsona bakoitzari eskainitako denbora gutxiago izatea eta zerbitzuaren kalitatea okertzea dakar”. Mediku kopurua jaistean, lanbide horretako hainbat zeregin erizainen eskuetan utzi dituztela ere azaldu du, horiei ere lan karga handituz. “Onartezina da gertatzen ari dena, eta herritarrei dei egiten diegu protesta ekintzetan parte hartzera”. Aldi berean, “irmotasuna” eskatu dio udal gobernu taldeari, “Osakidetzari ezinbesteko zerbitzu publiko hori mantentzeko exijitzean”.
Gertakari honen inguruko kezka azalduz eta informazioa eskatuz alderdiko politiko guztien izenean udalak Osakidetzari bidali zion idatzia ere gogoratu du, baita erakunde horrek emandako erantzuna ere. Horretan, mediku bakoitzeko paziente kopurua 1.500ekoa izan behar dela zioen, eta Legazpin gaur egun 1.521ekoa dela. Horren aurrean, duela lau urte Eusko Jaurlaritzako Osasun Kontseilariak esandakoa ekarri du gogora, “medikuko 1.400 paziente izateko helburuarekin, 80 mediku eta erizain plaza gehiago atera behar zituela esan zuen”. Lau urte geroago, “EAJ-k ez du bete agindutakoa”.
Zumarragako murrizketak
Zumarragako Ospitalean egin behar duten beste murrizketa baten berri ere eman du Bezunarteak, “aste honetan jakin dugu, iturri zuzenen bidez”. Martxoaren 1ean anatomia patologikoaren espezialitatea kendu behar dutela jakinarazi du. Bi medikuk, hiru teknikarik eta administrazio laguntzaile batek osatzen duten sekzioa da, eta laborategi bat du, “minbizia bezalako gaixotasunen diagnostiko zuzena egiteko ehun organikoak analizatzen dituena”. Bezunartearen arabera, “oso espezialitate onuragarria da eta ebakuntzetan lagungarria zirujauentzat”. Espezialitate hori zentralizatu egin nahi dutela dio, eta horrek “eragina izango du diagnostikoen epeetan eta formetan”.
Zumarragako Osasun Mentaleko zentroan haurren psikiatria sailean gertatzen ari dena ere salatu du Bezunarteak, “beste murrizketa bat” dela esanez. Sail horrek psikologo bat eta psikiatra bat zituen, baina urte hasieratik astean lau ordu bakarrik egoten den psikiatra bat dago. Osakidetzaren publizitate kanpainetan buru osasunaren garrantziaz esaten duena horrekin kontrajarrian dagoela dio, “errealitatea desberdina da”.
Amaitzeko, “ezinbesteko osasun zerbitzu batzuen pixkanako eraispena” gertatzen ari dela esan du, eta egoera hori salatu behar dela berretsi du, “oso larria delako”. Osakidetzari eskatu dio “gure osasunerako nahitaezko zerbitzu hauek berehala birjartzeko eta indartzeko”.