Marzial Garmendia Arruabarrena hil da
Ordizian oso ezaguna zen kirolari eta kulturari egindako ekarpenagatik. Azken agurra, astelehenean egingo diote.
Marzial Garmendia Arruabarrena gaur hil da, 73 urterekin. Ordizian oso ezaguna zen kirol munduan egin zuen ekarpenagatik. Jai-alai pilotazale elkarteko kidea izan zen eta pilota sustatzeko lan handia egin zuen. Hori eskertzeko, omenaldia egin zioten 2022 urteko Santa Ana jaietako pilota jaialdian. Horrez gain, Ordiziako Udalak, 2022 urteko abenduan banatu zituen kirol sarietan ere omendu zuten.
Kirol munduan ez ezik, kultur arloan eta herriko ekintzetan ere parte hartzaile oso aktiboa izan zen Garmendia. Adibidez, danborradaren antolakuntzan aritu izan zen.
Amiantoaren erruz gaixotuta hil da Garmendia. Beasaingo CAF enpresan urte askoan lan egin zuen. Heriotza honekin, CAFen 61 pertsona hil dira.
Azken agurra
Gorpua Ordiziako beilatokian egongo da igandean 16:00etatik 20:00etara, eta astelehenean, 10:00etatik 13:00etara. Hileta elizkizuna, astelehenean 19:00etan izango da, Ordiziako Andre Mari Jasokundearen parrokian.