10-35 galdu du Ampo Ordiziak VRAC Quesos Entrepinaresen aurka
10-35 galdu du Ampo Ordiziak lehen itzuliko azken partida, VRAC Quesos Entrepinaresen aurka.
Egun garrantzitsua izan da gaurkoa Ampo Ordiziarentzat. Errugbi jokalariek partida zaila zuten aurretik, VRAC Quesos Entrepinares taldearen aurka. Lehen zatian tarte handia lortu du kanpoko taldeak, 5-28 utziz markagailua. Bigarrenean, berriz, etxeko taldeak ez dizkio horren erraz jarri gauzak, eta 5-7ko partziala egin dute, hala, 10-35 galduz.
Ikusleek gogoz animatu dute talde ordiziarra eta une oro txalo eta oihu artean haien konfiantza eta babesa helarazi diete. Amaieran, taldeak eskerrak eman dizkio publikoari ere, txaloz zein keinuz.
Partidaren amaieran talde osoa bildu da zelaian, zaletuz inguratuta, batez ere zaletu gazteenak. Bertan, Federico Gallo entrenatzaileak hitz egin du, eta garbi utzi die «lanean jarraitzeko unea» dela. Bestalde, gogoratu du bihar bigarren itzuliko zozketa izango dela eta «aurrera begira jartzeko» momentua dela taldearentzat. Hitz hauek esanik eta taldearen oihua botaz eman diete amaiera gaur goizeko partidari, markagailua kontran eta afizioa alde.