Altamira mozorroz jantzita
Altamira mozorroz jantzi dute Ampo Ordizia Rugbyko zaletuek inauterietako igandean.
Gaur goizean Ampo Ordizia Rugby taldeak VRAC Quesos Entrepinaresen aurkako partida jokatu du, etxeko taldearen porrotarekin amaituz partida. Hala ere, guztia ez da txarra izan, inauteriak izanik, data hau apobetxatu nahi izan baitute klubekoek giro alaia eta ona izateko partidan zehar, haien zaletuei mozorrotuta joateko partidara esanez.
Zaletu batzuk azaldu dira mozorrotuta. Mozorro desberdin ugari ikusi ahal izan dira gaur goizean Altamirako errugbi zelaiaren harmailetan eta inguruetan. Beraz, mozorro artean baina garaipenaren faltan joan dira etxera gaurkoan ordiziarrak, goiza inauteri giroan pasa ondoren.
Mozorrorik onenaren aipamena Amalur Sukia eta Maitane Mujika ordiziarrena izan da, biek ala biek eliza gai hartuta osatu duten mozorroagatik.