Luzaideko inauterien konpartsa kaleak alaituz Legazpiko inauterietan
Sustraiak dantza taldeak Luzaideko inauterien konpartsarekin jarri dio erritmoa Legazpiko inauterietako igande arratsaldeari, Trapalata txarangaren musikarekin.
Legazpin jai giro ederrean pasa dituzte inauteriak ostegunetik gaur arteko epean. Mozorroak, jaia, tradizioak, musika, dantza… denetarik izan dute aurtengo inauterietan ere, iada pandemiako neurriak alde batera utzita.
Igande arratsaldean, ohi bezala, Sustraiak dantza taldea arduratzen da herrian giroa jartzeaz, koloretako jantziekin eta inauterietako dantza alaiekin. Luzaideko inauterien konpartsa egiten dute eta dantza taldeko kide guztiek hartzen dute parte, hasi txikienetik eta helduenetaraino. Inauterietako jantzi deigarriak, txapel gorriak, koloretako zinta luzeak… Jantzi bereziak jantzi ohi dituzte kolorez betetako data hau ospatzeko eta gaurkoan ere hala atera dira Legazpiko kaleetara.
Behin kaleetako emanaldiak amaituta, plazan elkartu dira herritarrak eta bertan egin dituzte azken dantzak, Lintx-i agur esan aurretik.