Irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte Aizkorri kalea eta futbol zelaia elkartzen diren gunean
Construcciones MB Antio, SLL enpresak egingo ditu, asteazkenean hasita, eta 19.803,64 euroko aurrekontuarekin.
Irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo ditu Legazpiko Udalak Aizkorri kalearen eta Irene Paredes Kirol Gunerako sarbidearen artean, hain zuzen Aizkorri kaleko 26. zenbakian dagoen oinezko pasabidean. Obrak asteazkenean hasiko dira, hilak 22, eta hiru edo lau asteko iraupena izango dute. Construcciones MB Antio, SLL enpresak egingo ditu, eta 19.803,64 euroko aurrekontua dute.
Lanen helburua bidearen akabera hobetzea da, eta horrekin batera, Irene Paredes kirol gunera eta Bikuña-enea plazara sartzeko bideak irisgarriago egitea. Gaur egun bertan dagoen oinezkoen pasabidea ez da irisgarria eta zoladurak pitzadurak ditu.
Gune horretan, bidea galtzada harriz bukatuta dago, eta espaloiak, berriz, baldosa hidrauliko. Hobekuntza lanak 112 metro koadroko azaleran egingo dira. Bidean galtzada harrizko imitazioa duen asfalto urtua jarriko dute, eta espaloiko zoladuran baldosa hidrauliko zuria jarriko dute, baldosa hidrauliko gorrien eta baldosa direkzionalen zerrenda apaingarriekin.
Lanek irauten duten bitartean, Aizkorri 20aren pareko bidea bi noranzkoa izango da, eta ezin izango da erabili karga eta deskarga gunea.