Ataunen ‘Zinuema’ emanaldietara 452 ikusle joan dira
Ataunen igandean amaitu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) antolatutako Zinuema ekimenaren lehenengo denboraldia. Euskarazko filmen eta emankizunen egitaraua garatu dute, azaroaren 27tik. Ataunen bezala, beste hiru udalerritan gauzatu du Uemak esperientzia. Balorazio orokorra egin ondoren, ekimenarekin zer egin jakinaraziko dute aurki.
Ataungo Udalak atzo eman zituen datuen arabera, hamabi saioetan guztira 452 ikus-entzule izan dira. Jendetsuena Izurde mutikoa haurren film emanaldia izan zen, abenduaren 4an, 125 ikuslerekin. Goazen telesailaren azken kapituluak ere 98 lagun erakarri zituen Herri Antzokira, eta Irabazi Arte-ren lehen atalak 69.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finaleko arratsaldeko saioa ere zuzenean ikusi ahal izan zen, abenduaren 18an. 25 bertsozale egon ziren zineman.