‘Barne begiradak’ ekimeneko saioa bertako elikadurari eskainiko diote, Gabirian
Ostiralean, otsailak 24, Landarlanen dokumentalaren emanaldia, lau aditurekin solasaldia eta bertako elikagaiekin pintxo-potea antolatu dituzte, Ostatuan.
Elikadura subirautzaren inguruko jardunaldia izango da bihar arratsaldean (otsailak 24, ostirala), Gabirian. Ezkioko Igartubeiti baserri-museoak antolatutako Barne begiradak zikloan, landa eremuetara kultura ekitaldiak zabaltzeko xedez, janariarekin zerikusia duten hiru saio egingo dituzte, 17:30etik aurrera, Ostatuan.
Lehenbizi, Landarlan ingurumen taldeak ekoitzitako Zure platerean hasten da mundua dokumentala ikusteko aukera izango da. Ondoren, 18:30ean, solasaldia egingo dute. Lau lagunek parte hartuko dute: ikuskariaren zuzendari Jon Fontenlak, Biziolako ekoizle eta erlezain Jon Etxeberria ataundarrak, Zeraingo Mendarte baserriko Iñaki Intxausti baratzezain eta txekor-haragi ekoizleak, eta Olaberriko Etxeberrigoikoa baserriko behi-gazta egile Judit Garciak.
Azkenik, 19:30ean, Biziolako ekoizleen produktuekin pintxo-potea egingo dute, Ostatukoek prestatuta.