EAJ «minduta» dago etxez etxeko zerbitzuko eta Meaztiko langileen adierazpenekin
Zerbitzuak ematen dituen enpresa berriarekin izandako gorabehera batzuen harira, udalak eta alderdi politiko guztiek "abandonatu" egin dituztela salatu zuten aurreko astean. EAJ-k hori esatea "bidegabekeria" dela adierazi du, langileen lan eta soldata baldintzak hobetzeko egindako ahalegina kontuan hartuta.
Legazpiko etxez etxeko zerbitzuko eta Meaztiko langileek aurreko astean egindako adierazpenekin «minduta» daude EAJ-ko ordezkariak. Langileek ziotenez, zerbitzuen esleipena hartu berri duen enpresarekin oraindik elkartu gabe zeuden otsailaren 16an, eta langile batzuk kobratu gabe ere bai. Udala egoera horren jakitun zela eta horrek eta alderdi politiko guztiek «abandonatu» egin zituztela salatu zuten.
EAJ-k azaldu duenez, zerbitzu hori lehiaketa publiko bidez esleitzen da, eta enpresa berria urtarrilaren 16an hasi zen lanean. Aurreko enpresaren soldata eta kitapena bezperan kobratu zuten langileek, eta hileko bigarren hamabostaldia enpresa berriak ordaindu behar zieten. Ordainketa horiek urtarrilaren 28an egin zizkien enpresa berriak, «zortzi langileri izan ezik, kontu zenbakirik eman ez zutelako». Zortzi langile horiek otsailaren 16an kobratu zuten.
Kontratazio berrirako pleguak udalean ordezkaritza duten alderdi guztien baiezko botuarekin onartu zirela gogoratu du EAJ-k, eta soldata berrietan %18ko igoera jaso zela ere zehaztu du, «2023rako udal langileen soldatetan %2,5eko igoera onartu den bitartean».
«Minduta» daude
Langileak abandonatu egin dituztela esatearekin «minduta» daudela adierazi dute EAJ-ko ordezkariek, «gobernuan gaudenetik haien lan baldintzak hobetu besterik ez dugulako egin». Horren harira, kontratuaren prezioa 2015etik % 51,2 igo dela eta prezio horren %94a langileen gastuetarako dela gogoratu dute. «Helduen zaintza gure lehentasuna da, baita zaintzaileen zaintza ere. Zaindu ditugu eta zaintzen jarraituko dugu».
Langileen lan eta soldata baldintzak hobetzeko egindako ahalegina kontuan hartuta, «bidegabea» iruditzen zaie «ez zaizkigula axola esatea». Salaketa horrekin «oso minduta eta dezepzionatuta» sentitu direla berretsi dute. «Ez dakigu zerbitzu horretan nor ari den gauzak nahasten», baina badakite enpresa berria langileen sindikatu ordezkariekin harremanetan dagoela eta «kontratu berriko hobekuntzekin hitzarmen berri on bat lortzeko modua» dutela.