Eskisabel anaien Huntza taldeak agurra iragarri du
Bidean "etenaldi mugagabea" egingo dutela esan dute Huntzako taldekideek. Urtebete barru egingo dute agurreko jaialdi handia, 2024ko otsailaren 3an, Bilboko Miribillan.
Euskal musikan azken hamarkadan triki-folk estiloa berpiztu duen Huntza musika taldeak agur esango du. Utzi egingo dute, eta “etenaldi mugagabea” iragarri dute taldekideek. “Hori eskatzen digute, bihotzak baino, buruak eta gorputzak”, prentsa oharrean azaldu dutenez.
Azkeneko kontzertua, jaialdi handia izango dena, 2024ko otsailaren 3an egingo dute, Bilboko Miribillan. Xehetasun gehiago “laster” argitaratuko dituztela agindu dute. Bien bitartean, agenda ofizialean kontzertu bakar bat daukate programatuta: larunbatean, Durangon, 40 minutu rock jaialdian joko dute.
Ataunekin lotura handia du taldeak. Huntzako bi taldekide ataundarrak dira, Inhar Eskisabel Ruiz (baxu jotzailea) eta Aitzol Eskisabel Ruiz (gitarra jotzailea) anaiak. Bestetik, bilgune izan dute hainbat urtez Ataun, entseguak bertan eginez.
Huntza taldea 2014an sortu zuten, Bilbon, unibertsitatean han zebiltzan ikasleen artean. Hasieratik izan dira taldeko kide Eskisabel anaiak. “Ostegun iluntzeetako trikipoteo eta Eguenero elektrotxarangan ezagutu eta noizean behin elkartzen hasi ziren ondo pasatzeko asmotan. Taldeari forma ematen joan ziren heinean, kantuak konposatzen hasi ziren, bakoitzak bere esperientziatik jasotakoa elkarbanatuz”, dio taldeak bere webgunean.
Jende aurrean lehen agerraldia 2016ko martxoaren 8an egin zuten, Harro gaude kantua plazaratzeko. Harrezkero, Euskal Herriko festa, kontzertu eta emanaldi ugaritan jo izan du Huntzak.