'Irati' filma emango dute asteburuan Goierriko lau herritan
Paul Urkijok zuzendu eta Edurne Azkarate, Eneko Sagardoi eta Itziar Ituño aktore nagusitzat dituen filma Beasainen, Lazkaon, Ordizian eta Zumarragan proiektatuko dute.
Paul Urkijo arabarrak zuzendutako Irati euskal filma zinema aretoetan estreinatuko da asteburuan. Goierriren kasuan, Beasainen, Lazkaon, Ordizian eta Zumarragan proiektatuko dute.
Joxean Muñozen eta Juan Luis Landaren Irati Zikloa komiki mitologikoan oinarrituta dago filma, VIII. mendean girotua. “Magia eta abenturazko bidaiatzat” definitzen du Urkijok berak.
Beasainen otsailaren 24tik 27ra emango dute, Lazkaon otsailaren 25etik 27ra, Ordizian otsailaren 25etik 28ra eta Zumarragan otsailaren 25etik 27ra. Ikus ordutegiak loturetan.
SINOPSIA
“Karlomagnoren armada Pirinioak sarraskitzen ari da, eta, hari aurre egiteko, ibarjaunak laguntza eske jotzen du bertako jainko zaharrengana, zeinak desagertzeko zorian baitaude kristautasunaren eraginez. Odolezko itun baten bitartez, ibarjaunak etsaia garaitzen du, trukean bizia emanda, baina lehenago, Eneko semeari hitzemanarazten dio ibarjaun zuzena izango dela. Urte batzuk beranduago, Eneko, jada heldua eta kristau fedean hezia, umetan egindako promesa betetzera doa; baina, orduan, aitaren gorpua, frankoei hartutako altxorrarekin batera lurperatu zutena, modu ulertezinean desagertzen da. Horrek zalantzan jartzen du haien leinua. Enekok berreskuratu egin beharko ditu bere patua betetzeko, eta horretarako ezinbestekoa izango du ibarreko gazte baten laguntza, Irati izeneko pagano batena. Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira: bertan, diotenez, “izena duen guztia bada”.