Hezegunea, bermutaz lagundutako literatur saioa Bergaretxe Geltokian martxoaren 5ean
Emakumeen literatura erotikoari buruz hitz egingo dute Jaione Fernandez de Jauregi, Judit Ruiz de Munain eta Gema Iñiguez egileek. Saio irekia izango da.
Literatur tertulia berezia egingo dute igandean, martxoak 5, Legazpin, Brinkolako Bergaretxe Geltokian egoki berri duten Mice aretoan. Hezegunea izenburuarekin, emakumeen literatura erotikoari buruz hitz egingo dute bermutaz lagunduta, Debagoieneko Jaione Fernandez de Jauregi, Judit Ruiz de Munain eta Gema Iñiguez egileek. Literatur-bermut saioa 12:00etan izango da, eta nahi duten guztiak daude gonbidatuta
Idaztea gustuko duten emakumeak dira Bergaretxe Geltokian izango direnak. Jaione Fernandez de Jaureguik Historias de media X liburu erotikoa idatzi du, Judit Ruiz de Munainek Perdiendo la cabeza, eta Gema Iñiguezek ¡Cuidado! Zona humeda. Lan horien bitartez ezagutu zuten elkar hiru idazleek.
Orain, hiruak elkartu egin dira literatur saio berezi hau egiteko asmoz, liburuak aurkezteko “modu bitxia iruditu zaigulako”. Erotismoa da hiru liburuen gai nagusia, eta horren aldarrikapena, “bere adierazpen zabalenean eta tintontzi femeninoetatik aterata, gure lanekin harro sentitzeko nahiko arrazoia da”.
Martxoaren 5eko literatur bermutean hiru egileen liburuez gain, erotismoaz hitz egiteko aukera ere izango da. Liburuak ere salgai egongo dira, eta nahi izanez gero, egileek dedikatu egingo dituzte.
Martxorako egitaraua
Bergaretxe Geltokiko apartamentuak 2019ko martxoan ireki zituzten, eta orain, bost urtera, Mice gune berria jarri dute martxan, «bezeroei, auzotarrei, erakundeei eta enpresei begira». Estreinaldia, emakumeek idatzitako literatur erotikoari eskainitako saioarekin emango diote, «emakumeen nazioarteko eguna datorrela baliatuz».
Martxoaren 19rako, berriz, Legazpiko idazleak gonbidatu dituzte, haien liburuez hitz egiteko, eta bereziki, «liburu horietan agertzen diren emakumeak izango dituzte hizpide»
Aurreko asteburuan, martxoaren 10etik 12ra artean, Euskal Herriko bidai blogarien topaketa egingo dute Bergaretxen, eta ostatua hartzeaz gain, ingurua ezagutu eta erabilera anitzeko gela berri horretan ariko dira lanean.
«Bueltaxka bat Brinkola inguruan, literatur hitzaldia, tragoxka bat… ez da plan txarra igande goiz baterako ezta?», diote antolatzaileek, lokal berria ezagutzeko gonbidapena luzatzearekin batera.