Treba Gurasoak eta Treba Gazteak saioek jarraipena izango dute martxoan Legazpin
Haurren eta gazteen gurasoei zuzendutako bi saio izango dira, eta gazteei zuzendutako beste bat.
Martxoan berriz ere martxan jarriko dira Treba Gurasoak eta Treba Gazteak programako saioak Legazpin, eta hainbat hitzaldi izango dira hilean zehar. Bi programak Legazpiko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuak sustatu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzarekin lankidetzan.
Iaz ere landu ziren programa horiek Legazpin, eta haien balorazio positiboaren ondoren, aurten ere berriz egitea erabaki dute, “gurasoak eta gazteak zenbait arlotan trebatzeko, batzuetan iaz hasitako bidean sakonduta, eta, besteetan, esparru berriak landuta”. Erik Galvez zinegotziak aurkeztu ditu.
Gurasoentzako saioak
Treba Gurasoak programaren barruan, bi hitzaldi egingo dituzte. Bat, haurren gurasoei zuzendua izango da, eta Leire Cano psikopedagogoak egingo du martxoaren 2an, osteguna, Jolasa, haurren garapenerako gakoa. Nola izan haurren bidelagun kontziente? izenburuarekin. Hitzaldi elebiduna izango da.
Bigarren hitzaldiak Seme-alaben autoestimua elikatzen izenburua du, eta martxoaren 23an eskainiko du Nerea Mendizabal psikopedagogoak, oraingoan gazteleraz.
Hiru saioak Kultur etxeko areto nagusian egingo dira, ordu eta erdiko iraupenarekin, eta 17:30ean hasita. Parte hartzeko ez da izena eman behar.
Gazteentzat saio bakarra
Hitzaldi bakarra eskainiko dute Treba Gazteak programaren barruan, 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta, martxoaren 9an. Sexkuntza: nolakoa da nire sexualitatea? du izenburua, eta Eider Goiburu pedagogian doktoreak gidatuko du. Saioa euskaraz izango da, Gazte-txokoan, 17:30etik 19.30era.
Saio honetan parte hartzeko izena eman behar dute gazteek aldez aurretik martxoaren 6a baino lehen, www.legazpi.eus/treba-gazteak webgunean.