Etxegarai-Arrillaga garaile Segurako pilota jaialdian
Segurak duen pilota tradizioaren mailako jaialdi batez gozatzeko aukera izan zuten zaletuek igandean Baratze pilotalekuan egin zen jaialdian. Emakumeen Binakako Master Laboral Kutxa txapelketako kanporaketetako bat jokatu zen, hiru mailatan.
Pilota mistoko elite mailan Etxegari eta Arrillagak ikaragarrizko garaipena eskuratu zuten, lehia oso bizi baten ostean, Arrizabalaga eta Capellani 22-19 irabazita. Bereziki ikusgarria suertatu zen aurreko koadroetako lehia, non Etxegaraik sekulako defentsa erakusti zuen Arrizabalaga bezalako lehen mailako pilotari baten aurrean.
Lehen mailako pilota mistoko partidan, Ania Oronozek debut bikaina egin zuen pilota mistoarekin jokatutako lehendabiziko partidan. Osesek lagunduta 22-16 irabazi zieten Beitia-Beragara bikoteari. Gazteen mailan Aiala Uriartek eta Irati Beteggik tanto bakarrarengatik irabazi dute, (18-17) Marta Gomez eta Enara Anituaren aurka. Partida guztia bezalatsu, azken tantoa ere oso lehiatua izan zen, baina zoriak Uriarte eta Betegiren alde egin zuen azkenean.