Kontzertu berezia emango du Esanezinek Dokan, martxoaren 12an
Gonbidatu bereziak izango dituzte bidelagun: Oriol Flores, Leire Berasaluze eta Olaia Inziarte. Sarrerak salgai daude Doka aretoaren webgunean.
Ianire Aranzaberen (Altzagarate, 1999) Esanezin proiektu musikalak kontzertu berezia emango du martxoaren 12an Donostiako Doka aretoan. Bidearen garrantzia aldarrikatuz, ‘Oraindik Aireratzen’ leloarekin izendatu dute kontzertua berezi hori. Esanezinen ‘Aireratzen’ diskoak ia bi urte beteko ditu, eta urtemuga ospatuko dute Dokan. Ohi bezala, laukote formatuan emango dute kontzertua, baina gonbidatu bereziak izango dituzte bidelagun.
Proiektuaren lehen urratsetan Ianire Aranzabek bidelagun izan zuen Oriol Flores, bere lehen kantuan kolaboratu zuen Leire Berasaluze eta musikaren bidean esperientziak pilatuz eta saretuz ezagutu duen Olaia Inziartek kantu batzuetan parte hartuko dute. Haietako bakoitzak proiektuan txoko berezi bat duenez, ‘Esan Ezin Diren’ musikariez inguratuta egongo da Esanezin. 19:00etan hasiko da kontzertua. Sarrerak salgai daude www.doka.eus webgunean.