Legazpiko sozialistak ere kezkatuta agertu dira Osakidetzaren murrizketekin
Legazpiko PSE-EEk ere bere “kezka” agertu du Legazpiko eta Goierri garaia osoko Osakidetzaren lehen mailako arretaren egoeraren inguruan. “Legazpiko anbulatorioa sei medikutik bostera igaro da, Zumarragako eskualdeko EAGk [Etengabeko Arreta Guneak] ez du pandemiaren aurreko zerbitzu bera ematen, eta haurren osasun mentaleko zentroak langile falta du”, nabarmendu dute.
Lehen mailako arretan inbertsio handiak
Lehen mailako arretari dagokionez, Euskadik osasunaren eskumena transferituta duela gogoratu dute sozialistek, eta Osakidetzaren bitartez Eusko Jaurlaritza arduratzen dela horren kudeaketaz. Eskumen hori garatzen laguntzeko eta “gure osasuna indartzeko” gobernu zentralak onartutako neurriak ere aipatu dituzte, hala nola, Lehen Mailako Arretako Ekintza Plana.
Horren ondorioz, 2022an eta 2023an “ekintzak, azpiegiturak, ekipamenduak, digitalizazioa eta abar” finantzatzeko Estatuko Aurrekontu Orokorretan 1.000 milioi euro baino gehiago sartu direla zehaztu dute. “Inoiz ez du Espainiako Gobernuak horrelako inbertsiorik egin”.
Osasun mentala eta lan egonkortasuna
Gobernuaren Osasun Mentaleko Estrategia ere aipatu dute, 12 urtean lehen aldiz eguneratu duelako eta 100 milioi euroko aurrekontua duen 2022-2024 Ekintza Plana txertatu duelako. Ekintzen artean, lehen aldiz Haur eta Nerabeen Psikiatria espezialitateko hogei plaza eskaini direla nabarmendu dute, eta horrez gain, autonomia erkidegoei osasun mental komunitarioko unitateak hobetzeko 14,5 milioi euroko ekarpenak egingo zaizkiela zehaztu dute.
Azkenik, langileen eta prestakuntzaren inguruan ere hitz egin dute sozialistek, gobernu zentralak “BAME plazen deialdien errekorrak” martxan jarri dituela gogoratuz, “aurreko legegintzaldietan baino %20 eta %40 gehiago”. Lan egonkortasuna hobetu dela, eta osasun-profesionalen 67.000 plaza baino gehiago deitu direla ere gogoratu dute, baita osasun-prestakuntza espezializatuko plazak 11.171 plazaraino gehitu direla ere, hau da, %40, eta familia medikuntzan %36. “Estatuko osasun S¡sistemaren historiako egonkortze prozesurik handiena da”.
Osakidetzaren kudeaketa
Iazko urtearekin alderatuta Eusko Jaurlaritzak Osasun Sailerako aurrekontua %6 handitu duela ere ekarri du gogora Legazpiko PSE-EEk, guztira 4.638,9 milioi euro direla zehaztuz. “Horrek pentsarazten du osasun zerbitzuaren kalitatearen galera Osakidetzaren kudeaketak eragin duela, finantziazio faltak baino gehiago”.
“Ez da ulertzen Eusko Jaurlaritzaren aldetik aurrekontuen errekor egoera eta gobernu zentralak osasunari emandako babes historikoa ikusita, Osakidetza herritarrei kalitate txarragoko zerbitzua ematea”. Egoera horrek, era berean, profesionalei lanarekiko kezka eragiten diela ere nabarmendu dute.
“Horregatik guztiagatik”, Osasun Sailari “egoera zuzentzeko eta neurri eraginkorrak hartzeko” eskatu diote.