Udaltzaingoaren 365 eguneko zerbitzuarekin "pozik" dago Beasaingo Udala
Duela bi urte jarri zuten martxan zerbitzua eta «esku hartzeetan %35eko igoera» suposatu du azken urtean.
Beasaingo udaltzaingoa etenik gabeko zerbitzua ematen ari denetik -bi urte bete dira urtarrilean- asteburuetan programatutako ohiko eginkizunetatik kanpo, 2021 urtean «250 esku-hartze» burutu ziren, eta 2022an «355». Horrek, «%35eko igoera» suposatu du azken urtean. Jasotako datuen inguruan balorazio «positiboa» egin du Beasaingo udal gobernuak. «Legegintzaldi-planean jasotako helburuetako bat bete da, udaltzaingoak urteko egun guztietan zerbitzua ematea alegia», borobildu dute.
Etxera itzulera zaintza
Iaz lehen aldiz gau osoko zaintza eskaini zuen udaltzaingoak Loinatz jaietan, ‘etxera itzulera zaintza’ delakoa indartuz. Etxera itzultzen diren gazteei eta batez ere emakumeei segurtasun gehiago eskaintzea zen horren helburua, eta udal gobernuaren arabera, ekimena «positiboa» izan zen,horregatik, 2023ko Loinatz Jaietan errepikatuko da.
Horrez gain, jaien testuinguruan ematen diren mugikor eta diru-zorroen lapurretak ekiditeko egin ziren zaintza bereziak ere errepikatuko direla iragarri du Beasaingo udal gobernuak.
Ertzaintzarekin elkarlana
Udaltzaingoak Ertzaintzarekin elkarlanean egindako zerbitzuen berri ere eman dute; 2023 urtean Ertzaintzarekin lankidetzan, trafiko zaintzak egiten jarraituko dute trafiko segurtasunean aurrera pausoak emateko