Aldaieta Jubilatuen Elkarteak ostiralera arte bilduko ditu elikagaiak
Urtero egin ohi dute elikagai bilketa kanpaina. Aurten herriko zenbait familiari laguntzeko izango da. Herritarrak deitu dituzte parte hartzera.
Legorretako Aldaieta Jubilatuen Elkarteak elikagaiak biltzeko kanpaina abiatu du. Ostiralera arte (martxoak 3) jasoko dituzte elikagaiak, 18:30etik 19:30era, elkartearen lokalean. Ordutegi horretatik kanpo ere utzi ahal izango dira, tabernatik elkartera sartuta. Esne ontziratua, olio ontziratua, gailetak eta txokolatea, pasta, arroza, kontserbak, umeentzako fardelak, konpresak eta ume txikientzako hauts esnea eskatu dituzte.
Urtero egin ohi du elikagaien bilketa kanpaina Aldaieta Jubilatuen Elkarteak martxo inguruan. Iaz, Ukrainara bideratu zuten bildutakoaren zati bat, eta beste bat herriko familientzat izan zen. Aurtengo kanpainan bildutakoa, herriko zenbait familiari laguntzeko izango da. Herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera.