Egeak, Sanzek eta Mujikak UZ Trailen parte hartuko dute
Lasterketa igande honetan izango da Urretxun eta Zumarragan. Euskadiko txapela jokoan egongo da. Argazki lehiaketa antolatu dute ikusleentzat.
Igandean UZ Trail mendi lasterketa egingo dute. Euskadiko Trail Txapelketa egongo da jokoan eta punta-puntako korrikalariek parte hartuko dute. Besteak beste, Aritz Egea, Ainhoa Sanz eta Mayi Mujika urretxuarrek. Mujikak Antzuolako 8 Miliak lasterketa irabazi zuen igandean.
UZ Trailen hiru ibilbide egongo dira aukeran: 23,4 kilometrokoa, 12,1 kilometrokoa eta 6 kilometrokoa. Euskadiko Trail Txapelketa egongo da jokoan. Lasterketa luzean kategoria absolutuko txapela egongo da jokoan (2000. urtean eta lehenago jaioak), 12,1 kilometrokoan 23 urte azpikoen txapela (2001, 2002 eta 2003an jaioak) eta 6 kilometrokoan 18 urte azpikoen (2006an eta 2007an jaioak) eta 16 urte azpikoen txapelak (2008an eta 2009an jaioak). Bi lasterketa luzeenetan 18 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu ahal izango dute. Lasterketa luzekoak 09:00etan abiatuko dira Areizaga-Kalebarrenetik. Gainontzekoak, 09:30ean. Sari banaketa ekitaldia 12:00etan izango da, toki berean.
Parte hartze handia
Antolatzaileek inoizko parte hartze handiena espero dute. 400 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute. Aurkezpena ostiralean izan zen, Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Goierri Garaia klubeko Patxi Catalanek, Euskadiko Atletismo Federazioko trail arduraduna den Santi Perezek, Argazkia elkarteko Jesus Mari Etxeberriak, Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Arantxa Gonzalez Zumarragako zinegotziak parte hartu zuten. Fidalgok lasterketak Urretxu eta Zumarraga mendi lasterketen munduan ezagutzera emateko balio izan duela aipatu zuen. «Hori indartzeko, aurten argazki lehiaketa bat antolatzea erabaki dugu. Horrekin, beste helburu bat ere lortu dugu: herriko bi elkartek (Goierri Garaia eta Argazkia) elkarrekin lan egitea».
Catalanek ibilbideari eta parte hartzaileei buruz hitz egin zuen. Ibilbide luzekoak Areizaga-Kalebarrenetik Izazpira joango dira. Urtubiko baratzetatik jaitsiko dira herrira. Ondoren, Irimora igoko dira eta zazpi puntetan korrika egingo dute, helmugara jaitsi aurretik. 12,1 kilometrokoak ez dira Irimora igoko: Izazpitik helmugara jaitsiko dira. 6 kilometroko proban parte hartuko dutenak Belokira igoko dira.
Argazki lehiaketa
Etxeberriak argazki lehiaketaren berri eman zuen. Nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. Bakoitzak bost argazki aurkeztu ahal izango ditu, gehienez. Argazkiak martxoaren 8ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira. Irudiak argazkielkartea@gmail.com helbidera bidali behar dira, bereizmen txikian.