Legazpiko Berdeak taldeak babesa helarazi die etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileei
Langileen aldarrikapenekin bat egin du, eta udalari zerbitzua berriz udalekotzeko eskatu dio.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuko eta Meazti Etxeko langileei babesa helarazi die Legazpiko Berdeak-Independenteak taldeak, eta aurreko asteko udalbatzan Alberto Bezunartea taldeko bozeramaleari langile horien aldarrikapenenen azalpena galarazi izana salatu du.”EAJ-k ez du nahi zerbitzu horiei buruzko egia jakitea”.
Bi zerbitzu horiek udalarenak direla gogoratu du taldeak, baina enpresa pribatuak azpi kontratatuta eskaintzen direla zehaztu du. “Udalaren betebeharra da kontratatutako enpresak pleguetan eta kontratuetan zehaztutakoa betetzen duela egiaztatzea, eta langileen lan baldintzak zaintzea”.
Langile horiek emakumezkoak dira guztiak, eta berriki enpresa kontratatzailerekin dituzten gorabeherak eta udalaren aldetik sentitzen duten babes falta salatu dituzte. Bezunarteak haien aldarrikapenak jaso eta udalbatzan azaldu nahi izan zituen, baina EAJk ez zion utzi.
Lan baldintzak
Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak “ez dagozkien lanak egitera behartuta daude”, Bezunartearen arabera, eta garbitasunaren alorreko hitzarmenaren menpe daudela gogoratu du, “haien funtzioak eta prestakuntza harago doazen bitartean”. Hitzarmen horrek formakuntza eta prestakuntza teknikoa ez diela aitortzen dio, eta horren ondorioz, besteak beste, soldata txikiagoak kobratzen dituztela. “Langileak ez dira baloratuak sentitzen”.
Langile horietako asko jubilatzeko gertu dauden arren, esfortzu fisiko handiak egin behar izaten dituztela ere azaldu du. “Koordinazio eta planifikazio egoki batekin, lan arrisku horiek saihestea posible izango litzateke”.
Bestetik, EAJk aipatutako kontratuaren %51eko igoera nora joan den ere galdetu du. Bezunarteak esan duenez, EAJren arabera hori izan da igoera 2015etik, baina “errealitatea da langileek izan duten soldata igoera lotsagarria izan dela, orduko 1,30 euro”. Erabiltzaileei zerbitzuarengatik gehiago kobratzen zaiela ere esan du, baina “ez dira hobetu, alderantziz”.
Meazti Etxeari buruz ere hitz egin du, eta besteak beste, jatorduen kalitatea jaitsi dela salatu du, baita langileentzat egokitu den aldagelaren baldintzak ere, aireztapen, altzari eta espazio ez egokiak dituelako. Gainera, arratsaldeetan zentroko 24 erabiltzaileekin pertsona bakar batek lan egiten duela ere salatu du, afaritarako ordu beteko errefortzuarekin. Hori “onartezina” dela dio.
Zerbitzua berrudalekotzeko eskaria
Azaldutako guztiagatik, Berdeak+Independenteak taldea “haserre eta kezkatuta” dago etxez etxeko laguntza zerbitzuarekin eta Meazti Etxearekin, eta udalari zerbitzua kontrolatzeko eskatu dio, “arduradun subsidiarioa delako”. Horregatik, zerbitzua berrudalekotzeko eta zuzenean kudeatzeko proposatu du berriz, “kostuak murrizteko, erabiltzaileei eskainitako kalitatea handitzeko eta langileen lan baldintza duinak ziurtatzeko”.
Bitarteko enpresa pribatuak kenduta eta udalak langileak zuzenean kontratatuta, lanpostu publiko gehiago sortuko liratekeela dio taldeak, “zerbitzuko langileek betetzen duten ezinbesteko eginkizun sozialarekin bat datozen lan baldintzekin, gainera”. Horrelako kudeaketa sistema aspaldi proposatu dutela zehaztu dute, baina “tamalez, ez da EAJ eredua, hau da, publiko eta pribatuaren arteko lankidetzan oinarritutakoa, proposamena egin dugun bakoitzean alkateak errepikatu digun bezala”.