Mutiloako Udalak 655.530 euroko aurrekontua onartu du 2023rako
Iazkoarekin alderatuta, 117.943 euro handiagoa da aurtengo aurrekontua. Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak esan duenez, «igoera inbertsioei lotutakoa da. Hainbat diru laguntza izango ditugu aurten»
Mutiloako Udalak 655.530 euroko aurrekontua izango du 2023an. Aurrekontu proposamena aho batez onartu zuen udalbatzak urtarrilaren 18an egin zen osoko bilkuran. 2022ko aurrekontuaren zenbatekoarekin alderatuta, igoera nabarmena da, 117.943 eurokoa, hain zuzen —2022an 537.587 eurokoa izan zen aurrekontua—. Iñaki Ugalde, Mutiloako alkateak esan duenez, «igoera inbertsioei lotutakoa da. Hainbat diru laguntza izango ditugu aurten».
Aurreikusitakoaren arabera, aurrekontua ohiko gastuetara eta inbertsioetara bideratuko da. «Aurrekontuaren erdia baino gehiago gastu finkoetan gastatuko da», alkateak zehaztutakoaren arabera, langileen soldatak, mantenua, etab. Inbertsioetara ere diru partida «garrantzitsua» bideratuko da.
Baserri bideak konpontzea
Inbertsio nagusienen artean, herri eta mendi bideak konpontzea eta eraikinak zaharberritzeko lanak daude, besteren artean. Alkateak adierazitakoaren arabera, Errotatxo eraikinaren erabilera definitzeko 50.000 euroko partida aurreikusi dute. Azken hamar urteetan «inbertsio handiak» egin dituzte eraikin honetan. «Zahar berritze lanak amaituta daude, eta orain zer erabilera eman nahi diogun definitu beharra daukagu. Aukera ezberdinak aztertzen ari gara», esan du.
Baserri bideak konpontzeko 35.000ko partida sortu dute, eta beste 10.000 euro mendi publikoko lanak egiteko. «Garbiketa eta ongarriketa lanak egingo dira, eta behar den lekuetan hesi berriak jarri». Bide berdean hainbat konponketa lan ere egiteko dituzte, «Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko dituen lanak izango dira».
Oraindik proiektua guztiz definitu gabe duten arren, autobus geltokian irisgarritasuna hobetzeko lanak egin nahi dituzte: «Zelaialde auzora zebrabide bat badago, baina beste aldera joateko zubi bat egiteko ideia darabilkigu buruan», aurreratu du.
Meatzaritza ondarea
Frontoi kanpoaldea txukuntzeko eta antolatzeko ere beste 30.000 euro aurreikusi dituzte. Herriko meatzaritzaren inguruan egindako lana dokumentatze aldera bilduma edo liburu bat egiteko ideia ere badute, 50.000 euro bideratuko dituzte horretarako. Aurrekontuak herritarrei aurkeztu zitzaizkien eta hauek egindako proposamenak kontutan hartzeko konpromisoa hartu du udalak.